Basora sartzeko txartela beharko da

Guaixe 2017ko abe. 22a, 11:15

Otsailetik aurrera autoan agerian izan beharko da. Indarrean sartuko den basoko pistak eta bideak erabiltzeko arautzen duen ordenantzaren ondorioa da

Etxarri Aranazko Udalak baso plana berritzeko parte hartze prozesua martxoaren 4an abiatu zuen. Handik etorri zen basoko pistak eta bideak erabiltzea arautzen duen ordenantza onartzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ostiralean argitaratu zena eta otsailetik aurrera indarrean izanen dena. Eneka Maiz Ulaiar alkateak azaldu duenez, “herri-basoko pistak eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen direnez, beharrezkotzat jo da haien erabilera arautzea, hiru helburu kontuan hartuta: herriko natura-ondareko balioak babestea, erabiltzaileek —etxarriarrek bereziki— basoa zein bideak modu egokian erabil ditzaten lortzea eta horiek erabiltzeko moduan mantentzea”.

Ordenantzak, hasteko bi metro zabal edo gehiago dituzten mendi pistak eta zabalera hori baino estuagoa duten bide meharrak bereizten ditu. Azken horien artean “Haritz monumentalak” eta “Trikuharrien ibilbidea” bide homologatuak daudela nabarmendu du. Guztien kontserbazioaz udala arduratuko da.

Debekua

Basoko pistetan eta bideetan, eta haietatik kanpo, debekatuta dago ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, ez badira nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basozaintzarekin, larrialdiekin edo salbamenduarekin edo udalak baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak.  

Baimendutako ibilgailuek bide bazterretan eta ohiko puntuetan aparkatu ahal izango dute, betiere modu ordenatuan egiten badute, eta beste ibilgailu batzuen joan-etorriak oztopatu edo arriskuan jartzen ez badituzte. Baimendu gabeko ibilgailuek hartarako egokitutako aparkalekuetan aparkatu beharko dute. Gaur egun, igerilekuen ondoan dagoen aparkalekuan. Salbuespena San Adrian erromeriaren aurreko eta ondorengo egunak dira.

Udalak dagokion seinalizazioa jarriko du basoan. Otsailetik aurrera basoan sartzeko udaletxearen baimena beharko da eta hori honakoek eska dezakete: Etxarrin erroldatuta daudenak, herrian erregistratutako ibilgailuetarako edo herrian etxebizitza propio dutenen edo maizter daudenen ibilgailuetarako. Eskaera egiten dutenek euren ibilgailuaren matrikula duen txartel bat jasoko dute eta autoan agerian utzi beharko dute. 2018koa ordenantzaren lehen urtea denez, udalak erregistratutako autoen jabeei txartela bidaliko die. Gainontzekoek udaletxetik pasa beharko lukete eske. Baina 2019tik aurrera urtero udaletxean berritu beharko da, dagokion zerga “txikia” pagatuz.

Bestelakoak


Basoko gaiak eta eraikuntzako materialak pista eta bideetatik arrastaka eramatea debekatuta dago. Pistetan ezinen dira ibili 40 tona gordineko karga gainditzen (ibilgailua gehi karga guztira) duten ibilgailuak ibili. Eta bide meharretan 30 tonara jaisten da muga. Egurra ateratzerakoan, lurra guztiz lehor badago, 25 tonakoa da muga, 20koa bustita badago. Euri egunetan, lurra guztiz lehor ez dagoenean edo lohia dagoenean ibilgailuen eta kargaren zama ezin izanen du 10 tonatik gorakoa izan. Ahuntzetxeko bisitarien ibilgailuak sartzeko aukera izanen dute, baldin eta erreserba egina eta baimena badute.