Ikuskizuna eta kontzertu akustikoa, karga arintzeko

Guaixe 2018ko urt. 12a, 09:44

Euskal Herriko abeslari ezagunek kontzertu bikoitza (17:30 eta 19:30) emanen dute Etxarri Aranatzen etzi

Etxarriko Sarek eta senide eta lagunek hirugarren urtez Zama doinuz arindu kontzertu-ikuskizuna antolatu dute. Aurreko edizioetan bezala helburua musikarien doinuen laguntzaz "euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia salatu eta hortaz ematen diren hainbat eskubide urraketen zama arintzea izanen da; eta, aldi berean, urtetan luzatu den gatazkaren konponbidean urratsak ematearen aldeko mezua zabaltzea.

"Urtetako gatazkaren ondorioz oraindik gainean dugun zama arintzeko" antolatzaileek "lehen mailako" musikariak ekarriko dituzte Etxarrira: Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Alex Sardui eta Haimar Arejita (Gatibu), Kutxi Romero, Ines Osinaga, Petti, Ekiza (Willis Drumond) eta Irati Lasa eta lagunak. "Kartelarekin oso pozik" daude. Gainera, emanaldietan ere sorpresak izanen direla iragarri dute antolatzaileek.

Oharrak
Oraindik ere sarrerak daudela jakinarazi digute antolatzaileek. Haiek www.etxarriaranatz.eus eta Leku Ona eta Xapatero tabernetan eskuratu daitezke. Sarrerak Internet bidez erosi dituenak inprimakia eraman beharko du.

Kultur etxeko ateak emanaldiak hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira eta bost minutu lehenago itxi. Bi emanaldiak berdin-berdinak izanen dira. Parte-hartzaile bakoitzak bina kantu abestuko ditu akustikoan. Kontzertutik bai, baina ikuskizunetik ere izanen du saioak.  Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emanaldietan ezinen da argazkirik edo bideo grabaziorik egin.