Irribarrearekin, aurrera

Guaixe 2018ko urt. 17a, 11:34

Etxarri Aranatzen Zama doinuz arindu jaialdiaren hirugarren edizioa ospatu zen igandean, sarrera guztiak salduta. "Giza eskubideen errespetuan, gatazkaren konponbidean eta benetako bakerako bidean pausoak emateko guztiok garela protagonista", hori nabarmendu zen musikaren eta Porrotxen presentziarekin.

Izan ere, pailazo ezaguna izan zen iragarria zegoen sorpresa. Berarekin batera oholtzan
Alex Sardui eta Haimar Arejita (Gatibu), Irati Lasa, Petti, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Ekiza, Kutxi Romero eta Niko Etxart musikariak izan ziren. Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkartasuna azaldu eta haien doinuekin sufrimenduaren motxila arintzera atera ziren oholtzara. Baina ez ziren bakarrak izan. Herriko zazpi presoen senideak eta motxiladun haurrak ere agerraldia egin zuten.