Zama doinuz arindu

Mikel MundiƱano Larraza | Sakanako Sare Herritarra 2018ko urt. 26a, 08:06

kolaboratzaileak

Hirugarren urtez arindu dugu zama. Azken bi edizioetan gertatu bezala, oraingoan ere sarrera guztiak agortuak zeuden igande honetan Etxarri Aranatzen antolatuta zegoen “Zama doinuz arindu” hirugarren ediziorako. Aurtengo kartelak ere igar zezakeen halakorik: hurrenez hurren igo ziren Alex Sardui eta Haimar Arejita (Gatibu), Irati Lasa, Petti, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Ekiza, Kutxi Romero eta Niko Etxart euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkartasunaren oholtzara, haien doinuekin sufrimenduaren motxila arintzera.

Baina aurtengo jaialdiak gehiago ere bazekarren: Porrotxek, Bilboko bezperako manifatik bueltan zetorrela, Etxarri Aranatzen egin zuen geltokia, erakustera denok elkarrekin joz gero, etsipenaren, nekearen, tristuraren aurrean irribarreak, maitasunak, elkartasunak, ilusioak eta konpromisoak emanen dituztela emaitzak; eta giza eskubideen errespetuan, gatazkaren konponbidean eta benetako bakerako bidean pausoak emateko guztiok garela protagonista.

Benetan memento hunkigarriak Nagorek eta Haizek edo eta Xochiltek eta Xubanek senide eta motxiladun umeek Porrotxi haien senide presoaren gutuna helarazi ziotenean. Bikaina azken momentuko festa ere, areto guztia puxikak gora eta puxikak behera, eta denak batera euskal presoak etxera oihukatuz.

Doinua eta irribarrea jarri genion hainbat urtetako sufrimenduari. Gustura esanen genuke aurtengo “Zama” izan dela azkena. Baina, azkena izanen ez bada ere, pozgarria da eta eskertzekoa da Etxarri Aranatz bezalako herri txiki batean, zeinetan gaur egun zazpi euskal preso politiko dauden, honelako elkartasun jaialdi bat antolatzeko “Zama” lan taldeak jarritako ahalegina, dedikazioa eta maitasuna. Eskerrik asko jaialdi hau posible egin duzuen guztioi. Prest gaude!