Jende askoren galdera da zergatik Etxarri Aranazko ihoteak astearteiyotea baino egun lehenago ospatzen den. Horretarako eliza katolikoak indar handia zuen garaietara jo behar da. Liturgia egutegian garizumak garrantzi handia zuen. Penitentziekin eta barauekin lotzen zuten herritarrek eta, horregatik, garizuma aurreko garaia, iyoteak, gogoz ospatzen zuen puska biltzeekin, txatarrez jantziz, musika, dantza eta abarrekin. Elizak garizuma prestatzeko aurreko hiru igandeak hartu zituen eta etxarriarrek erabaki zuten igande horien aurreko ostegunetan festa egitea.
Iyote egutegia
Gizakundek zabaltzen du Etxarriko iyote egutegia heldu den ostegunean. Garai batea gizon helduen eguna zen. Mozorrotuta, hau da, txatarraz jantzita eskean ibiltzen ziren. Bigarren ostegunean emakumezkoen eguna zen eta haiek ere eskean aritzen ziren. Andrekunde eguna aurten otsailaren 1ean izanen da. Bi egun horietan kintoak eskean ibiliko dira. Gainera, otsailaren 1ean hainbat familietan emakumezkoen afariak egiten dira. Lagunak ere, propio, afaltzera elkartzen dira.
Otsailaren 8a Garikunde da. Garai batean gazteen arteko borrokako eguna zen. Kolpeak debekatuta zeuden urte guztian eta egun hartan gorabeherak konpontzeko eguna zen. Kontrakoa lurraren kontra eustean zetzan borroka, kolperik gabe. Haizez betetako maskuriekin jendeak jotzen eta suko hautsaz zikintzen ibiltzen ziren.
Zalduniyote edo haurren eguna otsailaren 11n izanen da eta errondan ibiliko dira. Astearteiyotean mozorrotu eta afariak izanen dira.