Etxarri Aranazko basoko pistetan –San Adrian, Auntzetxe eta Epeleko bideak– ezin izango dira baimenik gabeko ibilgailuak sartu, otsailetik aurrera. Orduan sartuko baita indarrean basoko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza. Etxarriko basoaren antolamendu berria parte hartze prozesuaren ondorioz egin zen, eta bilera horietan adostutakoarekin osatu zen ordenantza. Esan bezala, otsailetik aurrera sartuko da indarrean, eta, tartean jasotzen da Etxarri Aranazko basoko pistetan kotxez sartzeko txartela beharko dela.
Herritarrak bai
Ondokoek izango dute txartela jasotzeko baimena: Etxarrin erregistratutako autoek, Etxarrin erroldatutako herritarren kotxeek, Etxarrin etxea duten edo alokatuta duten herritarren kotxeek eta bestelako arrazoiengatik basoan sartu beharra justifikatua duten ibilgailuek.
Txartela etxean edo udaletxean
Aipatu txartela udaletxean eskuratu beharko da, basoan autoz sartzeko onuradunek dagoeneko etxean jaso ez badute. Txartelak 2018rako balio du, eta hortik aurrera urtero udal bulegora jo beharko da zigilua berritzera. Txartela ibilgailuan agerian egon beharko da, matrikula-zenbakia ongi ikusteko moduan, isunik ez jasotzeko.
Bestalde, basoko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantzan jasotzen da ere kotxeak bide ertzean ongi aparkatuta utzi beharko direla, inori trabarik egin gabe. Debekatua dago, hortaz, ibilgailuak ezpondetan uztea, bide erdian, bihurguneetan edo ikusgarritasun gutxiko aldapetan. Ordenantzak ere dio denon artean gure basoa zaindu beharko dugula, eta debekatuta dagoela basoan zaborra uztea, sua egitea, animaliak eta landaredia izorratzea edo bestelako kalteak eragitea.
Informazio bilera
Egon daitezkeen zalantzak argitu eta informazioa emateko, Etxarriko Udalak batzar informatiboa deitu du asteazkenean, hilak 31, 18:30ean, Kultur Etxean.