Parlamentutik Enneco Haritzaren Memoriara

Guaixe 2018ko ots. 1a, 14:30

Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordeko kideak Etxarri Aranatzen dagoen zentroan egon ziren bisitan. Bultzatzaileek instituzioari laguntza eskatu zioten, Nafarroako Erresuma zaharraren erreferentzia historikoa izan nahi duen gunea aurrera ateratzeko

EH Bildu talde parlamentarioak eskatuta, Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeko kideak asteazkenean Etxarri Aranatzen izan ziren bisitan, Enneco, Haritzaren Memoria zentroa ezagutzeko. Aipatu zentroa Nafarroa Bizirik Fundazioak Nafarroaren historia ezagutarazteko sustatutako parke-museo-erakustokia da, interpretazio zentroa eta Aralar eta Urbasa mendilerroen artean natura-ibilbide bat duena.

Etxarrira gerturatu ziren parlamentariak Asun Fernandez de Garaialde Lazkano (EH Bildu), Virginia Alemán (Geroa Bai), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu) eta Guzmán Garmendia (PSN) izan ziren. Haiei ordezkaritza sakandar batek egin zien harrera, Eneka Maiz Etxarri Aranazko alkatea eta David Oroz Sakanako Mankomunitateko lehendakaria buru zirela. Haiekin batera Karmele Marañon Arbizuko alkatea, Juan Angel Beraza Irañetako alkatea, Maria Saez de Albeniz Etxarri Aranazko zinegotzia, Julián Cenoz, Patxi Arrosagarai eta Koldo Amatria Orreaga Fundazioko kideak, Adur Elizalde eta Xabier Elizalde Enneco Auzolaneko kideak, Aintzane Gartziandia Mugaipe aisialdi enpresakoa, Iñaki Erdozia arkitektoa eta Amaia Ijurra, Etxarriko kultur teknikaria zeuden.

Bisitaren helburua: Enneco in situ ezagutzea
EH Bilduko Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok azaldu zuenez, bisitaren helburua "Enneco, Haritzaren Memoria Zentro Kultural eta Historikoa in situ ezagutzea izan da, interpretazio zentro bat duen parke baten sorrerarako proiektua, ikerketa ekintzak burutzeko asmoa duena, baita historia zabaltzea eta bateragune gisa funtzionatuko duena, Baskonia-Nafarroako Erresumaren memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin".
Eraikitzen ari diren parkean bisita gidatua egin zuten parlamentariek eta bertan bildutakoek. Enneco interpretazio gunea Etxarri Aranazko Udalak utzitako eta herriko campingetik hurbil dagoen arizti batean dago eta 60.000 metro karratu hartzen ditu. Parkea bisitatu ondoren, bildutakoek Etxarriko Kultur Etxera jo zuten. Han, Enneco parkeari buruzko bideo proiekzioa ikusteko aukera izan zuten eta Enneco Auzolaneko kide Adur Elizaldek egitasmoaren berri eman zuen.

Auzolanean sortutakoa

Elizaldek azaldu zuenez, auzolanean sortutako proiektua da Enneco, Haritzaren Memoria. Bultzatzaileek gaineratu zutenez,  proiektua kinka larrian dago eta finantziazio bide berriak bilatzen ari dira aurrera eramateko. Tartean, instituzioei laguntza eskatu zieten. "Instituzioen laguntza beharko genuke proiektuak aurrera egiteko, hasierako izpiritua errespetatuz, helburuak bultzatu, zabaldu eta ezagutarazteko". Nafarroako historia zabaltzea da euren nahia.  "Gure sustraiak zabal daitezen interpretazio zentro bat eraiki nahi dugu eta elkarlanaren fruitua izan dadin nahi dugu. Historiarako leku bat izateaz gain, naturaz gozatzeko leku paregabe baten aukera ematen du, Aralar eta Urbasa mendilerroen artean natura ibilbide batekin. Gutxinaka parkea forma hartzen ari da" nabarmendu zuten.

Enneko parkea
Enneco, Haritzaren Memoria egitasmoan eraikin nagusi baten inguruan ibilbide zirkular bat aurreikusten du diseinuak, museo paleolitiko bat, euskarari buruz beste bat, mitologia eta ohiturei eskainitako esparru bat, emakumeari buruzko eraikin bat, Erdi Aroko dorre bat eta kastro baskoi bat.
Udan zabaldu zituen ateak
Parkeak aurreko udan ireki zituen ateak, eta uztaila eta abuztuan 600 bisitari izan zituen. Aisialdi gunerako aterpe bat dauka, eta bertan jolas eta ekintza desberdinak ezartzea pentsatu dute, tirolinak eta abar. Erdi Aroko dorrea altxatuko duen garabia ere ikus daiteke, Angel Mari Garmendia etxarriarrak egindakoa.

Enneco, Haritzaren memoriak Nafarroako Gobernuko gizartearen intereseko kalifikazioa lortu du, Nafarroako Kultura Kontseiluaren bidez, eta Mezenasgoaren Lege berriak (MECNA) ezartzen dituen etekin fiskalak ere lortu ditu. Bertara egindako ekarpenek onura fiskal garrantzitsuak ditu: lehenengo 150 eurotan %80aren dedukzioa Errenta Aitorpenean eta %40koa gainontzeko ekarpenetan.

Lan sesioa maiatzean

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeak eta Enneco, Haritzaren Memoria parkeko bulkatzaileek lan sesioa izango dute, maiatzean, Nafarroako Parlamentuan.