Hausterre egunaren aurreko hiru ostegunetako ospakizunak pasa eta gero, igandean etxeko txikiak dira Etxarri Aranazko ihoteko protagonistak, Zalduniyotetan. Haurrak txatarraz jantziko dira eta 18:00etan plazatik kalejiran abiatuko dira. Herrian barna ibili eta gero, txatar txikien segizioa plazara bueltatuko da eta han kintoek antolatutako jokoak izanen dituzte zain, txistulariek giroa berotzen duten bitartean. Jakina, txokolate-janak ez du huts eginen; aurten Karrikestu elkarteari dagokio txokolate goxoa prestatzea. Eta eguraldiak laguntzen badu, Irurtzungo pertsonaia mitologikoen eta Irurtzungo joaldunen bisita izanen dute etxarriarrek.
Astearteiyotean, garai batean, gaita jotzen zen eta bazkaria egiten zuten, denak txatarraz jantzita. Egun, ohikoa denez, goizez eta arratsaldez txarangak kalejira eginen du eta txikienek euren mozorroak erakusteko aukera izanen dute. Turrutxiki txaranga izango da aurten doinu alaiak jarriko dituena. Eguerdian, haurrendako animazioa eta dantzaldia ekarriko ditu “Dantza kasting” ikuskizunak. Ondoren, animosoenak bazkaltzera elkartuko dira aurten ere. 17:30ean, txokolate-jana izanen da eta txarangarekin kalejira. Hura despedituta, 18:00etatik 22:00etara dantzaldia izanen da Orots taldearekin. Hain zuzen ere, mozorro gehienak arratsalde iluntzean elkartuko dira, poteoan. Afaldu ondoren, mozorroak eta txatarrak, denak nahastuko dira ordu txikiak arte iraungo duen inauteri parrandan.