Joxe Lacalle Egin egunkariko argazkilari izandakoak berak ateratako argazki bilduma argitaratu berri du: Memorias de Lacalle (2017, Txalaparta). Liburuak aurreko mendeko azken hiru hamarkadetako eta mende honetako aurreneko hamarkadako hainbat gizarte borroketako irudiak jasotzen ditu, esaterako: abortatzeko eskubidearen aldeko ekimen feministak, intsumisioa, Leitzarango autobiaren kontrako borroka, Itoitz, Aranguren, Bardeak, euskal preso eta iheslarien aldeko ekimenak, okupazioaren aldekoak… Garai bateko irudiak, baina aktualitateko gaiak asko eta asko.
Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak antolatutako liburu aurkezpenean Lacalle bera izanen da, gaur, 18:30ean, gaztetxean. Aurkezpen ekitaldia bera, “belaunaldi desberdinetako etxarriarrak elkartzeko eta atzoko eta gaurko herri mugimenduen inguruko esperientziak eta hausnarketak partekatzeko” baliagarria izanen dela uste dute antolatzaileek. Eztabaida “herri mugimenduetan eskarmentu luzea duten herritarren eta gazteen artean” animatu nahi dute.