Etxarri Aranatz: kintoak eta kinto zaharrak parrandan

Guaixe 2018ko ots. 9a, 13:30

Aurten 24 gazte etxarriar dira kinto: Ion Ansotegi, Mattin Altzelai, Anne Igoa, Antton Igoa, Araitz Jaka, Aritz Aristorena, Dinora Jaka, Igor Irigoien, Imanol Miranda, Iosu Jaka, Irune Lizarraga, Iñaki Agirre, Jon Kintana, Jon Palomares, Lander Bengoetxea, Leire Arraiza, Maddalen Mikeo, Nahia Okaña, Naroa Lasa, Oier Otxoa, Xabier Mauleon, Maria Senar, Ander Lakuntza eta Unai Pozueta.

Guztiak ere, aurreko urteetan bezala, abenduaren 31n etxez etxe eskean ibili ziren, kinto ospakizunetarako dirua lortzeko. Eta haien kinto ospakizunak ihoteetakoekin bat egin dute. Izan ere, aurreko hiru ostegunetan, Gizakunden, Andrekunden eta Garikunden, den-denak txatarraz jantzi eta batzuk etxez etxeko eskean ibili dira. Besteak, zigorrak eskuetan, haurren atzetik ibili dira korrika, haiek berotu asmoz. Korrikaldi eta eske saioen ondoren jasotakoarekin afaltzera joan dira.
Etzi, zalduniyoten, haurrendako jokoak antolatzeaz ere kintoak arduratuko dira.

Elkarrekin
Astelehen iluntzean aurtengo 24 kintoak eta joan den urteko 17 kinto zaharrak elkartu eta Iturri Ederren afalduko dute. Gauerdian Tolosarako autobusa hartu eta gaua han emanen dute. 08:00etarako buelta eginen dute eta ahal bezain goizter kalean izanen dira. Turrutxiki txarangak lagunduta herrian barna kalejira eginen dute kintoek eta, bide batez, eskean ibiltzeko baliatuko dute. Haiekin batera segizioa mozorrotutako makina bat haurrek osatuko dute. Herriari buelta eman eta gero, Borda jatetxean bazkalduko dute eta gero kintoek ihote ospakizunekin bat eginen dute.