Pedriatria zerbitzua, atzera ere, Etxarriko osasun etxean

Guaixe 2018ko ots. 16a, 10:04

Hiru hilabete eta erdiren ondoren, familia mediku bat ariko da 4,5 orduz astegunetan

Etxarri Aranazko osasun eskualdea Lakuntza eta Urdiain arteko herriek osatzen duten. Hango haurren pediatra Etxarri Aranazko osasun etxean lan egiten du. 15 urte bitartean egiten die jarraipena haur eta gaztetxoei. Dagoenean, izan ere, joan den urteko lastailaren 23az geroztik pediatrarik ez da izan Etxarri Aranazko osasun eskualdean.

Osasunbideari gabezia konpontzeko eskaera behin eta berriz egin dio osasun kontseiluak alkateen bidez. Ordezko pediatra edo, bestela, mediku bat jar zezatela eskatzen egon dira. Oinarrizko zerbitzu diren neurrian pediatria eta lehen arretako zerbitzu onak bermatzea eskatu dute. Aldi berean, Etxarri Aranazko osasun etxeko ordezkoen kontratazioari buruzko informazioa eskatu zuten ere.

Astelehenera arte, behin behinean, erizain batek eta mediku batek artatu dituzte umeak. Astelehenaz geroztik familia mediku batek pasatzen du kontsulta, astegunetan, 8:00etatik 12:00etara. Gainontzeko lanaldia Altsasuko osasun etxean osatzen du.

Horrekin batera, Nafarroako Osasun Zerbitzutik berriki jakinarazi dutenez, lanaldi osoan ariko den pediatra baten bila segitzen dute. Hartu duten neurriarekin "oraingoz osasun eskualdeko pediatria asistentziaren zati bat hobetzen dugu", hala azaldu diete alkateei.

Kexak

Osasun eskualdeetako udaletan zerbitzuagatik kexa asko jaso zituztelako Lakuntzako Patxi Xabier Razkin, Arbizuko Carmele Marañon, Etxarri Aranazko Eneka Maiz, Bakaikuko Egoitz Urriza, Iturmendiko Bittoriano Gabirondo eta Urdiaingo David Orozo alkateek Osasunbideari eskaera gutuna zuzendu zioten. Aipatutako hiru aldarrikapenekin batera Etxarri Aranazko osasun etxean zegoen panoramaren berri ere ematen zioten Osasunbideako lehen arretako kudeatzaile Santos Induraini.

Alde batetik, kexu ziren alkateak "zailtasun handiak izaten ari direlako, orokorrean, medikuen ordezkapenak egiteko, bai zaintzetarako, baina batez ere gaixotasun bajak, oporrak eta bestelakoak egiteko". Horren ondorioz ere, etxeetara bisitak egin behar direlako, osasun etxean familia medikurik gabe gelditzeko aukera zegoela aipatu zioten Nafarroako Osasun Zerbitzuko buruari.

Etxarri Aranazko osasun eskualdeko pediatria plazaren jabe den osasun arloko profesionalak, antza, Iruñerrian beste plaza bat eskuratu du. Horrek Etxarri Aranazko lanpostua pediatra titularrik gabe utzi eta berriro jabetzan emateko deialdia ekarriko du. Lanpostu hori "erakargarriagoa" bihurtuko omen dela esan digute osasun etxean. Hori eta bestelako gaiak aztertzeko osasun kontseiluak heldu den asteazkenean bilera du.