Iturri eder eta udaletxe parean autoak aparkatzeko azken egunak dira hauek. Heldu den ostegunean bi espazio horiek oinezkoendako bihurtzeko lanak hasiko ditu Etxarri Aranazko Udalak. Udaletxe parean dauden galtzada harriak kendu eta plazako moduko harlosak jarriko dira. Oinezkoendako espazio hori Larrañeta kalearen zati bat hartuko du ere, botika pareraino. Pertsona helduendako, haurren gurdiendako eta mugikortasun arazoak dituztenendako galtzadarriak traba izan dira orain arte. Iturri inguruan dagoen asfaltoa harlosengatik aldatuko dute ere.
Plaza hobetzeko prozesuan oinezkoen mugikortasuna errazteko neurriak hartu beharra zegoela ondorioztatu zen. Horregatik, eginen ditu lan horiek udalak. Horri lotuta, udalak 80 auto baino gehiago aparkatzeko tokia prestatu zuen Larrañondo kalean joan den urte akaberan.
Kaleak
Lan horiekin batera, Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du Kaxarna eta Iturriko kaleak trafikoarendako itxiko dituela. Horretarako, piboteak jarriko dituzte. Baina, aurrerago, ez du baztertzen jardinerak edo aulkiak jartzea.
Horrekin batera, Larrañeta kaleko norabidea aldatu eginen da. Hala, Burundabide kaletik, errepidetik, sartzen direnak bakarrik aurrera zuzen joateko aukera izanen dute eta behin frontoia pasata ezkerretara egitea beste aukerarik ez da izanen. Ikastola hartzen duen etxadian beti ezkerrera biratzeko aukera izanen da, Errotazar eta Ikastola kaleak norabide bakarrekoak direlako.
Horiek behar bezala adierazteko udalak seinaleak aldatu, norabide berriak eta zebrabideak margotuko ditu eta aparkatzeko espazioak markatuko ditu. Frontoiaren parean aparkatzeko dauden tokiak bere horretan mantenduko dira. Baina segurtasun arrazoiengatik atzeraka aparkatu beharko dute autoek. Lanek 28.000 euroko aurrekontua dute.
Etorkizunean
Etxarri Aranazko Udalaren asmoa da oinezkoendako jartzeko lan horiek despeditu eta gero udaletxearen eta Derry tabernaren parean dauden zebrabideen arteko tarteari erreparatuko diote, oinezkoen eta ibilgailuen espazioak ordenatzeko.
Bestetik, Burundako norabidean joaten diren autobusen zain dauden pertsonendako markesina bat jarri nahi du udalak aurrerago. Eginen diren lanen irudian agertzen bada ere, markesinak oraindik ez du kokaleku zehatzik. Hura zehazteko trafiko arduradunekin hizketatzen ari da udala.