Bi ahizpen emozio bidaia Etxarriko kultur etxean

Guaixe 2018ko mar. 2a, 10:27

Hika teatroak Koaderno zuria antzezlana taularatuko du gaur, 22:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean. Ama "itogarri" batek bi alabengan utzitako arrastoa azaleratuko da hura hil eta ahizpak 20 urte banatuta egon ondoren

Ama hilda egon arren, Begoñarengan eta Arraterengan arrasto sakon eta hautsi ezinak utzi ditu. Etxeko andre gogor eta zirikatzailea, tradizioaren defendatzaile itsua eta elizkoi amorratua zen. Berak sentimenduak azaltzeari ahuldadea deitzen diona, eta gizartearen aurrean beti tente, garbi eta ohoretsu agertzea, zoriontsu izatea baino garrantzitsuagoa irizten zion.

Amarekiko zilbor-hestea etetea ez da pauso erraza izanen. Begoñak amari aurre egin eta Afrikara alde egitea erabakiko zuen ekaitz egun batean, abortu baten ondorioz bizitza hankartetik zihoakiola konturatu zenean. Arratek, berriz, amaren itzalean gelditu zen, etxean, obedientziaren bidea aukeratuta, amaren maitasuna eskuratzeko. 20 urteren ondoren elkartu dira. Ama hilda dago baina haren arrastoa ezin borratu dabiltza. Hilda egon arren, amak agintzen jarraitzen du haien bihotzetan.

Bi hamarkadaren ondoren, ahizpak elkartu eta elkarri kontu eske hasiko zaizkio. Ezer gutxi dakite amak batengan eta bestearengan utzitako arrastoez. Nahikoa lan izan du bakoitzak bere bizitza eraikitzen. Bi ahizpen arteko talka horretan “emozioen bidaia” sortuko da. Begoñak Afrikako egonaldian koaderno zuri batean idatzi zuenak arindua eman zion. Arrate, mediku familia, ezkondua eta bi alaben ama, bizitza konbentzionalagoa izan du. Minaren poetika taula gainean. Eta umorea, egoera tragikoak barregarri bihurtzen duena. Arnasa obrari Arrateren pazientek ematen diote.

 

Fitxa

Egileak:
Arantxa Iturbe, Agurtzane Intxaurraga
.

Ane Sextonen olerkiaren itzulpena:
Harkaitz Cano (Susa Argitaletxea).

 

Antzezleak:


Itziar Ituño, Arrate
.

Miren Gojenola, Begoña / Gaixoa 1 / Gaixoa 2
.

Agurtzane Intxaurraga, Ama / Brijida / Manipulatzailea
.

 

Zuzendaria:

Agurtzane Intxaurraga.