Ekhi Congilek Koreako Mundialean parte hartu nahi du

Guaixe 2018ko mar. 10a, 12:00

Uztailaren 29tik abuztuaren 10era jokatuko da Unicon 19, Munduko Monoziklo Txapelketa eta bertara joateko babesle bila dabil etxarriarra

Uztailaren 29tik abuztuaren 10era bitartean Unicon 19, Munduko Monoziklo Txapelketaren 19. edizioa jokatuko da Hego Korean, Seulen, Ansan. Hainbat proba izanen dira: distantzia ezberdineko lasterketak, slalom txapelketak, erreleboak… eta bertan parte hartu nahi du Ekhi Congil monoziklista etxarriarrak.

Europako Txapelkeltatik lau domina ekarri zituen
Ekhi Congil 2017an EC Unicycling proban aritu zen, Europako Monoziklo Txapelketan. Herbehereetako Sittard-Geleen hirian jokatu zen, eta monozikloan ibiltzen direnen bilgune nagusietako bat da EC Unicycling. Europa guztiko 700 monoziklista lehiatu ziren eta Espainiar Estatutik 3 zeuden, bi soriar eta Congil bera. Etxarriarra bikain aritu zen eta lau domina ekarri zituen bertatik: zilarrezko hiru –1 km, luzera-jauzia eta Ciclo Cross–, brontzezko bat –maratoia– eta bosgarren postu bat, Cross Countryan. Horretaz gain, bere mailan, 19 urtez azpikoan eta 21 urtez azpikoan, urrezko hiru domina lortu zituen. Baina lortutakoaz baino, bizitako esperientziarekin etorri zen kontentu, beste monoziklistekin harreman estua egin baitzuen. Orduan adierazi zuen bere hurrengo ametsa aurtengo udan Hego Korean jokatuko den Unicon 19 Munduko Monoziklo Txapelketan lehiatzea izango zela eta ametsa egi bihurtzeko laguntza eta babesleak lortzen saiatzen ari da Ekhi Congil.

Entrenatzen
Hemen ez dago monoziklo federaziorik eta, hortaz, IUF-en dago federatuta Ekhi Congil, International Unycicling Federation taldean, Alemanian. Basque Country taldeko ordezkari bezala lehiatuko da Congil, aukera hori badagoelako. Bere ametsa gauzatzeko babesle bila dabil etxarriarra, eta edonork interesa badu ekhicongil@gmail.com posta elektronikoan jarri daiteke harremanetan berarekin.

Bitartean, Mundialak prestatzen dabil monoziklista etxarriarra. “Eguraldi txarra egin du, baina entrenatzen ibili naiz. Orain korrika egiten nabil, monozikloari konponketa batzuk egiten ari garelako; Beasaingo lagun batek egiten dizkit konponketak. Pieza batzuk lortzea konplikatua izaten da eta hor gabiltza, baina berehala puntuan izatea espero dut” dio Ekhik.