Preferente maila: Lagun Arteak eta Etxarrik punturik ez

Guaixe 2018ko mar. 12a, 14:10

Preferente maila. 22. jardunaldia: San Jorge 4 – Lagun Artea 2 / Ardoi B 1 – Etxarri Aranatz 0

Preferente mailako azken jardunaldian gure taldeek ez dute punturik biltzea lortu. San Jorgeren kontra aritu zen Lagun Artea eta oso partida lehiatua eskaini zuten bi taldeek. Lagun Artea 0 eta 2 aurreratu zen Zubiriak eta Enekok sartutako golei esker, baina San Jorgek markagailuari buelta ematea lortu zuen bigarren zatian. 10 minutuko tartean bina berdindu zuen San Jorgek, eta 78. minutuan garaipenaren gola sartu zuten Iruñakoek. Horrela, punturik gabe itzuli ziren lakuntzarrak.

Zizurren sailkapenean gertu dauden Ardoik eta Etxarrik jokatutako partida ere oso borrokatua izan zen. Bi taldeek dominatu zuten, tarteka, eta gol aukera politak sortu zituzten, baina baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi izan. Bigarren zatian partida korapilatu zen, arbitroak Ardoiko Isturiz eta Etxarriko Gentza eta Xabier aldageletara bidali baitzituen. Bi jokalari gutxiagorekin aritu behar izan zuten etxarriarrek. Partida husnako berdinketarekin despedituko zela zirudienean, 89. minutuan garaipenaren gola sartu zuen Ardoik eta punturik gabe geratu ziren etxarriarrak.

Lagunak taldea da preferente mailako liderra (45 puntu). Lagun Artea 12.a da (24 puntu) eta Etxarri Aranatz 14.a da (20 puntu), jaitsiera postuetan. Asteburuan Lagun Arteak sailkapenean 13.a den eta arerio zuzena den Ardoi hartuko du. Aldiz, Etxarri Aranatzek sailkapenean 10.a den Amigóren kontra jokatuko du San Donaton.