Etxarri Aranazko Udalak Nafarroako Gobernuko Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza baliatuz herriko langabeak kontratatuko ditu. Hiruzpalau langabetu hartuko ditu udalak, urte erdi edo urte osorako kontratuarekin. Hiru kolektiboetako kideak dira kontratatuak izan daitezkeenak: batetik, errenta bermatua jasotzen duten pertsonekin, edo gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen dutenekin, edo genero indarkeriaren biktima diren emakumeekin. Bestetik, emakumezkoak eta, azkenik, 45 urtetik gorako gizonekin edo iraupen luzeko langabeak diren 30 urtetik gorakoekin.
Probaldian parte hartzeko Altsasuko enplegu bulegoan eman behar da izena apirilaren 3ko 14:00ak baino lehen. Ondoren probak etorriko dira: euskararena apirilaren 9an, 09:30ean, Etxarri Aranazko liburutegian; teorikoa, apirilaren 10ean, ordu eta toki berean. Teorikoarekin batera praktikoa eginen da. Deialdiaren baldintza eta zehazpen gehiago udal bulegoan eta udalaren web orrian jaso daitezke.