Azoka eta trebakuntza

Guaixe 2018ko api. 17a, 10:14

Belardik Ama Lur azoka apirilaren 22an eginen du. Baina horrekin batera lehen sektoreari buruzko Ama Lur Jardunaldiak antolatu ditu.

Sakanako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren erakusleiho izan nahi du Ama Lur azokak. Ibarreko nekazariak, abeltzainak eta ekoizleak biltzen dituen Belardi elkarteak, hala ere, elikadura burujabetzan gehiago sakondu nahi du eta, horregatik, Ama Lur Jardunaldiak antolatu ditu. “Herri lurrekin zer egiten ari garen aztertu nahi dugu horietan. Gure ondorengoei lurra emankortasun maila berean edo hobean utzi nahi genieke” azaldu digu Aritz Ganboak, Belardiko kideak.

Horregatik, jardunaldian osasunaz aparte, elikadura burujabetzaren oinarria den lurrari eragiten dioten bi elementu nagusiri erreparatuko diote. Batetik, transgenikoak edo genetikoki eraldatutako produktuak, “herrialde batzuk haiek erabiltzea debekatuta dutena, baina hemen ez”. Bestetik, glifosfato belar-hiltzailearen erabilerak suposatzen duena; “Europan auzibidean jarri dute, baina lobbyak presio egiten ari dira. Jardunaldiak transgenikoak eta glifosfatoa lur publikoetan erabiltzearen kontrako ekimenaren berri emateko balioko du. Izan ere, Belardik udalei hori eskatuz mozioa aurkeztu die. Hitzaldi eta mahai-inguruak Etxarri Aranazko kultur etxean izanen dira, 18:30ean hasita.


Egitaraua
Apirilak 19, osteguna
18:30ean Transgenikoak eta glifosfatoa erabilerari buruzko mahai-ingurua: Jose Ramon Olarieta, ingeniari agronomoa eta Lleidako Unibertsitateko kimika eta edofologia irakaslea eta Aritz Ganboa, Belardikoa.

Apirilak 22, igandea
10:00etatik 14:30era Amalur azoka.

Apirilak 26, osteguna
18:30 Elikadura burujabetzari buruzko mahai-ingurua: Judith Garcia, Gipuzkoako EH Bilduko batzarkidea, Juanma Intxaurrandieta, Intiako gerentea, eta Imanol Ibero, Nafarroako EHNEko presidentea eta ardo ekologikoko ekoizlea.