Amalurraren fruituak gerturatzeko azoka

Guaixe 2018ko api. 20a, 09:42

Ama Lur azoka Etxarri Aranatzen eginen da igandean, 10:00etatik 14:00etara. Belardi elkartearen erakusleihoa da, baina aurtengo helburuen artean transgenikoen erabilera mugatzea eta ekoizle txikiendako eraldaketa gunea sortzea da

Zazpigarren urtez lehen sektorea Etxarri Aranazko plazaz jabetuko da Ama Lur azokaren bitartez. Sakanako nekazariek, abeltzainek eta ekoizleek osatzen duten Belardiren ekimena da azoka, abeltzaintzako eta nekazaritzako ekoizpen eta kontsumo arduratsuko hitzordua izan nahi du.

Baina ez Belardiren ekimen bakarra. Elkartea ibarrean lehen sektorea bermatu eta zuzeneko tokiko kontsumoa bulkatzea du helburu. Hari etorkizuna hobea eman nahi dio. Horregatik, Belardiko kideak Sakanako Garapen Agentziarekin batera ekoizle txikiek euren produktuak eraldatu ahal izateko gune bat sortzeko lanean ari dira. Horrela, sortzen dutena transformatu eta euren produktuen eskaintza zabaltzeko aukera emanen liekete ekoizleei.

Baina horrekin batera, Belardiko kideek ingurumenarekin kezka dute, handik sortzen baitituzte euren produktuak. Eta euren ondorengoei lurra dagoen egoeran edo hobe utzi nahiko liekete. Abiapuntu hori izanik, "herri lurrekin zer ari garen egiten aztertu" zuten. Gogoko ez zituzten jokabideak ikusi zituzten eta, horregatik, Sakanako udaletan mozioa aurkeztu zuten, herri lurretan transgenikoen erabilera debekatzeko eskatuz.

Dagoeneko ibarreko zenbait udalek erabaki dute glifosfato belar-hiltzailea ez erabiltzea kudeatzen dituzten espazioetan (parkeak, berde-guneak, baratza publikoak, bideen mantenuan…). Aldi berean ekoizpen ekologikoaren alde egin dute. Eta progresiboki gertuko produktu ekologikoen sustapena eginen du euren esku dauden establezimenduetan (ikastetxeak, egoitzak…). Hartutako erabakiaren berri lehen sektoreari jakinarazteko konpromisoa hartu dute. Eta, azkenik, onartutako adierazpena betetzen dela ziurtatzeko, hari jarraipena egiteko pertsona bat izendatu dute udal bakoitzean.

Egitaraua

Azoka 10:00etan zabalduko da. Sakanako ekoizleek euren produktuak salgai jarriko dituzte azoka gardenean. Ibarrean ez dauden produktuak Nafarroako beste ekoizle batzuk ekarriko dituzte. Guztira 20 postu izanen dira eta haietan ogia, ardoa, marmeladak, loreak, olioa, alubiak, ukenduak, arrautzak, ahuntz gazta, pasta, behi esnekiak, ardi gazta, karakolak euskal txerrikia eta eztia opatzeko aukera izanen du azoka bisitatzen duenak. Plazan ere behi, ardi, behor eta beste abereen erakusketa izan da. Giroa gaitariek alaituko dute goizetik.

11:30etik aurrera ardi-motzaileak lanean ikusteko aukera izanen da eta handik ez oso urruti gazta nola egiten den ikasteko aukera izanen da. Eguerditik aurrera euskal txerri errearen pintxoak dastatzeko aukera izanen da.

Azokarekin batera, Belardik Ama Lur jardunaldiak antolatu ditu eta hura despeditzeko elikadura burujabetzari buruzko mahai-ingurua izanen da ostegunean, 18:30ean, kultur etxean. Hiru hizlari izanen dira: Judith Garcia, Gipuzkoako EH Bilduko batzarkidea; Juanma Intxaurrandieta, Intiako gerentea, eta Imanol Ibero, Nafarroako EHNEko presidentea eta ardo ekologikoko ekoizlea. Jardunaldia atzo hasi zen Jose Ramon Olarieta adituaren transgenikoei buruzko hitzaldiarekin.