Eskolen festa eguzkitsua

Guaixe 2018ko api. 23a, 10:29

Eguraldi apartarekin ospatu zen Sakanako herri eskolekin Sortzen festa larunbatean, Etxarri Aranatzen. Euskarazko eskola publikoren jardunaren berri eman auzolanean antolatutako ospakizunaren berri eman zuten. Animazio ederra izan zen plaza inguruan. Goiz-goizetik ibarreko bederatzi eskola publikoek, zeinek bere tailer eskaintza egin zuen plazan. Tailer guztietan birziklatutako materialekin ongi pasatzeko aukera izan zuten denek, haur, gazte eta helduek. Eguerdian kalera atera zirenak Uharte Arakilgo erraldoi konpartsa izan zen. Eta haiekin batera Irurtzungo Iskidi taldearen joaldun txikiak. Flashmobean txiki zein handi, prestatutako koreografia dantzatu zuten.

Frontoian puzgarriak eta eskaladan zaletzeko rokodromoa zuten txikiek. Han bertan elkartu ziren bazkaltzera izena emanda zeuden 410 pertsonak. Bazkaldu ondoren ospakizunaren protagonista musika izan zen, iluntzean zezensuzkoa agertu eta harekin festa bukatu arte.

Festa finantzatzeko denek eta enpresek emandako sariekin osatutako tonbolak arrakasta handia izan zuen. Gurasoek egindako 17 postre ere zozketatu zituzten eta barra ere jarri zuten. Guztiek ere harrera ona izan zuten.