Lehen sektorea plazara

Guaixe 2018ko api. 23a, 13:22

Belardi elkarteko Sakanako ekoizleek eta Nafarroatik etorritako beste batzuk, 20 guztira, euren ekoizpena zuzenean saldu zuten Etxarri Aranazko plazan atzo. Haien postuetan denetarik erosteko aukera izan zen, baita dastatzeko ere, gazta edo ardoa, esaterako. Antolakuntzak euskal txerria erre zuen hamabi orduz eta azokan pintxo moduan zerbitzatzeko prest egon zen. 350 pintxo saldu zituzten edatekoarekin batera.

Elikadura burujabetzaren alde lan egiten du Belardik eta tokiko ekoizleen lanaren garrantzia nabarmendu nahi izaten du halako azoketan parte hartuz. Jendeak bere jana zeinek eta nola egiten duen jakin dezan, besteak beste. Nekazaritza ekologikorako bidean urratsak ematen ari da taldea ere eta, horregatik, antolatu zuen Jose Ramon Olarieta adituaren transgenikoei buruzko hitzaldia ostegunean eta haiei buruzko liburua salgai jarri zuten azokan. Udaletan aurkeztu duten mozioarekin herri lurretan hazi transgenikoak eta glifosfatoa moduko belar-hiltzaileak ez erabiltzeko eskaera egin dute.

Ildo berean, Belardiren jardunaldien barruan, elikadura burujabetzari buruzko mahai-ingurua antolatu du ostegunerako, 18:30ean, kultur etxean. Hiru hizlari izanen dira: Judith Garcia, Gipuzkoako EH Bilduko batzarkidea; Juanma Intxaurrandieta, Intiako gerentea, eta Imanol Ibero, Nafarroako EHNEko presidentea eta ardo ekologikoko ekoizlea.