Motxila bete elkartasun

Guaixe 2018ko api. 27a, 09:43

Presoen seme-alabak, motxiladun umeak, izanen dira biharko Elkartasun eguneko protagonistak

Euskal preso politikoekiko Elkartasun egune antolatu dute Etxarri Aranatzen bihar. Antolatzaileek herrian zazpi preso daudela gogorarazi dute, eta haiei ezarritako “salbuespeneko espetxe politikak Etxarriko familia eta kuadrilla asko zigortzen” dituela. Gaineratu dutenez, “espetxe politika horrekin bukatzea eta preso guztiak etxerako bidean jartzea lehentasun osoko erronka da Etxarriko herriarendako”.

Aurtengo Elkartasun egunek bi aldarrikapen nagusi izanen ditu. Batetik, motxiladun umeak bizi duten egoeraren salaketa. Horretarako, ekitaldia eginen dute 12:30ean kultur etxean eta, bestetik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak martxan jarri duen ekimen politiko berrituari babesa eskaintzea arratsaldeko manifestazioaren bidez. Elkartasun egune Denak etxia! lelopean ospatuko da.

Seme proiektua
Horren aurkezpenarekin hasiko da biharko Elkartasun egune. Guztiaren oinarrian Ohian Barandalla  bere semearen jaiotza espetxetik nola bizi izan zuen kontatzen duen kantua dago, harmonikaz eta ahotsaz emana. Hura kantu bihurtu dute hainbat musikarik eta bideoklipa ere osatu dute. Horien aurkezpena eginen dute bihar eguerdian. Proiektu horren helburua da “motxiladun umeei” elkartasuna adieraztea, haien errealitatea ezagutaraztea eta aurkezpen egunean haien aitei argazki erraldoia bidaltzea.

Etxarriko Saretik gogorarazi dute Sakanan bost “motxiladun” ume eta gazte daudela eta biharko ekitaldiarekin “herritarren babesa senti dezaten” nahi dute. Bost sakandar horiek modura Euskal Herrian 18 urtera arteko 104 haur edo nerabe dira gurasoetako bat, edo biak, kartzelan dituztenak.
“Azken boladan motxiladun ume moduan ikusarazi dugu kolektibo hau. Motxila horiek euren gurasoak ikusteko egin behar izaten dituzten milaka kilometroren isla dira. Egunerokoan gurasoen hutsunearekin bizitzeak zama afektibo handia eragiten diela ukaezinezko errealitatea da, gainera”. Sarek salatu duenez, “egungo espetxe politika gizagabeak gaur egun 104 haur eta nerabe hauei euren gurasoen ondoan hezteko eskubidea ukatzen die”.

Haur horien egoera agerian uzten duen “Motxiladun umeen” manifestua zabaldu zuen Sarek Sakanako ikastetxeetan eta hari babesa adierazi diote 160 irakaslek, 5 orientatzailek, ikastetxeetako 3 zuzendarik, 5 zaintzailek, gizarte zerbitzuetako 6 langilek, 2 erizainek, pediatra batek eta Altsasu, Olazti eta Ziordiko Haurtzaroko Tratu Onaren Sustapen Taldearen batzarrak.

Kartzeletara distantziak
Unai Parot (Puerto III espetxea, 980 km), Luis Mariñelarena (Curtis, 700 km), Hodei Ijurko (A Lama, 625 km), Juan Ramon Karasatorre (Castelló II, 450 km); Oihan Barandalla eta Gurutz Maiza (Lannemezan, 300 km. Maiza martxoaren 23an lekualdatu zuten) eta Asier Karrera (Dueñas, 260 km).

Egitaraua
12:30 Motxila etorkizunez bete ekitaldia, kultur etxean.
14:30 Herri bazkaria.
17:30 Poteo askatzallie.
20:00 Denak etxia! Manifestaziyue.
21:30 Bokata-jana.
22:30 Gaupasa: Tirri & Tery dj eta Bull dj.