Maximilianok paperetik antzokira salto egin du

Guaixe 2018ko mai. 6a, 13:29
Antzezlana iragartzen duen kartela.

Xabier Artiedaren Iruñeko Haurrendako Euskarazko Antzerki Testuen lehiaketa lana mustu da.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatzen duten 26. Haurrendako Euskarazko Antzerki Testuen lehiaketa irabazi zuen Xabier Artieda etxarriarrak Maximiliano, ipuin kontalari lanarekin. Etxarriarrak berak zuzenduta, apirilaren 21ean mustu zen Nafarroako Antzerki Eskolan, eta pasa den astean hainbat emanaldi izan ziren. Eskolak berak ekoiztu zuen antzezlana.

Antzezlanaren argumentuak ipuinen ahalmen eraldatzailea du ardatz. Aitor, Oihane, Amets eta Nagore dira protagonistak, arratsaldero, ikastola bukatu eta gero, elkarrekin jolasean aritzeko biltzen den haur taldea. Baina egun horretan, Nagore opari berri batekin etorriko da: futbol pilota bat. Guztiak zein trebeak diren erakusteko irrikaz egonen dira, poz-pozik. Batez ere Aitor, zeinak baloiari kristoren ostikoa eman eta urrutira bidalita, tokiko haurren esanetan misteriotsua eta arriskutsua omen den agurearen leihoetako bat puskatuko baitu.

Lagun-taldeak barrura sartu beharko du baloia berreskuratzeko, eta baloiaz aparte beste hainbat sorpresa aurkituko ditu bertan.