Bakaikoak Erasunen kontra jokatuko du Promesen finala

Guaixe 2018ko mai. 7a, 10:23

Promesen Buruz Buruko finala Labrit pilotalekuan jokatuko da, maiatzaren 19an

Joanes Bakaikoa Promesen Buruz Buruko finala jokatzeko sailkatu da, merezimendu osoz. Jon Erasun izanen du aurrez aurre. Bi pilotariek sekulako maila eman zuten asteburu honetan jokatutako finalerdietan.

Bakaikoak ideiak argi
Joanes Bakaikoak Dario txapelketatik kanpo utzi zuen Promesen Buruz Buruko final laurdenetan –22 eta 16– eta larunbatean Gorka Esteban errioxarra izan zuen aurkari Orduñan, finalerdietan. Partida oso gogorra izan zen; bi pilotariek akatsa nabarmenak egin zituzten, baina tantoa bukatzerakoan finago ibili zen etxarriarra eta, aurreko urtean bezala, finalera sailkatzea lortu zuen. 308 pilotakada gurutzatu zituzten.

Bakaikoa lasai atera zen kantxara, ideiak argi. Etxarriarrak ez du Gorkak bezalako kolpe handirik, eta atzera bidalitako gurutzatutako pilotakadekin erasotu zuen Gorka. Horrela, 2 eta 9 aurreratu zen Bakaikoa, baina pilota berreskuratuta dominatzera pasa zen errioxarra. 11 eta 14 gerturatu zen errioxarra, baina hiru akats nabarmen egin zituen Gorkak eta 12 eta 18ko aldea hartu zuen Bakaikoak. Hala ere, 14 eta 18 gerturatu zen Gorka, baina tantoak bukatzeko presa kontra jarri zitzaion –bolea bat behera eta pilotakada bat kanpora joan zitzaizkion– eta Bakaikoak egoera aprobetxatu zuen eta bi tanto ederrekin 16 eta 22 irabazi zuen etxarriarrak. Lana, segurtasuna piloteoan eta ezker airez aurkaria arazotan sartzeko duen gaitasuna, horiek dira bere ezaugarri apartenak. Gorkak ez zuen gaizki jokatu, baina piloteoa luzatzen zen bakoitzean Bakaikoak agintzen zuen. Aurreko urtean Bakaikoakfinalerdietan irabazi zion Gorkari eta aurten ere historia errepikatu egin da.

Erasun, indartsu
Jon Erasun ere txapelketa bikaina egitetik dator. Zizurkilgoak Ugalde eta Urretabizkaia utzi ditu bidean, 300 tantotik gorako partida oso gogorretan. Onartu beharra dago igandean Idiazabal jokatutako partidan, Urretabizkaia ez zegoela bere onenean, tartean entrenamenduetan kolpea hartu eta gastroenterisa gainditzetik baitzetorren, eta ezin izan zuen bere maila eman. Partida gogorrean, tantoak luzatzen hasi ziren eta esfortzu horretan Erasunek eutsi zuen hobe. Horrela, azkenean 22 eta 16 irabazi zion Urretabizkaiari eta final handirako sailkatu zen.

Bi pilotari gogorren lehia
Bakaikoa eta Erasun, biak pilotari oso gogorrak dira eta final estua eskainiko dutela aurreikusten da. Bakaikoa txapeldunordea izan zen aurreko urtean –Arteaga II.ak irabazi zuen finala–, eta aurten txapela janzteko aukera ederki aprobetxatuko du. Finala maiatzaren 19an jokatuko dute, Labriten.