Inbertsioek udalaren aurrekontua handitu dute

Alfredo Alvaro Igoa 2018ko mai. 11a, 08:58
Etxe handiaren parean sortu den oinezkoendako espazio berria.

Aurrekontua 2.112.405,84 eurokoa da, aurreko urtean baino 246.622,47 euro gehiago.

Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiko Planaren barruan onartutako inbertsioak egiteak eta udalak ahalmen handiagoa izatea. Bi argudio horiek eman dizkigu Eneka Maiz Ulaiar alkateak aurtengo aurrekontua joan den urtekoarekin alderatuta zergatik handitu den galdetu diogunean. “Udalaren ekonomia-egoera hobea da, egonkortu da. 7 edo 8 urteetan ekonomiaren kudeaketa oso luxurik gabekoa izan da. Diru-laguntzekin dinamismo gehiago dago”.

Finantza krisiaren ondorioz Etxarri Aranazko Udalarendako lehentasuna zerbitzuak eskaintzea eta bermatzea izan zen lehentasuna. “Murrizketarik gabe mantendu genuen arlo hori eta, orain, horretaz aparte inbertsioak eginen ditugu”, esan digu alkateak.

Inbertsioak
Utzubar industrialdeko zorua berritu eta zuntz optikoa jarriko da. Horretarako, 203.876 euro bideratuko dira. Inbertsioaren erdia Nafarroako Gobernuak pagatuko du eta gainontzekoa enpresek. Zumurdiñeta industrialdean etorkizunean gauza bera egiteko asmoa du udalak. Bestetik, argiteria publikoan energia kontsumoa murrizteko inbertsioak egiten segituko du udalak eta aurten bonbillak Led-engatik ordezkatzera 312.807 euro bideratuko ditu. Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planak lan horien % 48 ordainduko du. Aurten Inurribide, Bureina, Zugarreta eta Arluzepen jarriko da argiztapen sistema berria eta dagozkien aginte-mahaiak berrituko dira. Aurreko bi urteetan Santa Kitz, San Kiriko, Nagusia kaleetan eta Aldapasoro auzoan aldatu zituen udalak. Inbertsio horrek urtean 26.000 euro aurreztea ekarriko du.

Bestetik, gehiegizko presioagatik ur ihesak arazo handia dira Etxarri Aranatzen eta horiei aurre egiteko bi urteko plana martxan jarriko du udalak. Uraren behe horniduran hainbat lan egitekoa da udala. Alde batetik, ura eramaten duten hodietan presio erregulatzaileak jarriko dira. Bestetik, ur-sarea sektoreka banatuko du eta erdibidean kontagailuak jarri nahi du udalak. Horrela, ur-ihesak eta baimendu gabeko ur hartuneak errazago atzematea espero du. Eta, bestetik, Lizarragabengoara ura eramaten duen sarea hobetzeko neurriak hartuko ditu.

Aldi berean, igerileku aldean uraren-presioa handia da Amaiturrieta iturburua baino beherago dagoelako. Horregatik, erreguladorea jarri nahi du udalak. Egitasmo horiek egiteko aurten proiektua idatziko du udalak. Lanak, berriz, heldu den urtean eginen dira. Toki Inbertsioen Planak 280.000 euroko inbertsioaren % 70 ordainduko du. Alkateak gogorarazi du azken bizpahiru urteetan ur-mozketak izan ez badira ere hornidurarekin arazoak izan direla Etxarrin. Uraren goi hornidurarekin ere badute kezka udalean. Amaiturrietako iturburutik ur biltegira daraman hodia berritu beharra dago, egungoak 100 urte baititu. Baina lan horietarako ez dago diru-laguntzarik eta horiek lortzeko lanean ari dira.

Gehiago
Udaberri hasierarekin batera oinezkoendako espazioak sortzeko lanak despeditu berri dira. Etzanda edo zutik egonen diren seinale batzuk jartzea besterik ez da falta. Lan horiek 25.000 euroko aurrekontua izan dute. Egitasmo hori plaza egokitzeko eta aterpea jartzeko aukera aztertu zuen lantaldetik sortu zen. Aterpearen egitasmoa ere eginda dago eta udalak diru-laguntzak eskatu ditu, lana egin ahal izateko. Egoera berean dago ur-biltegirako bidearen konponketa, laguntza jasoz gero udalak lana eginen du. Eta gauza bera San Donato eskola publikoko komunak berritzeko egitasmoarekin, Hezkuntza Departamentuak diru-laguntza emanez gero eginen da. 26.000 euro bideratuko ditu udalak eta erdia gobernuak pagatuko luke.

Basoaren kudeaketa zehazteko parte hartze batzorde batetik sortu zen aurrekontuetan jasotako beste ekimen bat: Utzubarko basoan bazkalekua egitea. Batzordean erabaki zen aziendarako herriko bazkaleku historikoak berreskuratzea. Sasiak janda dagoen Utzubarko basoa garbitzeko 9.812 euro bideratuko du udalak, gobernuak % 60ko laguntza emanen du.

Beste inbertsio txikiagoak eginen ditu udalak. Udal liburutegiaren eta jubilatu elkartearen egoitzak hartzen dituen eraikinaren teilatua berrituko da aurten eta udalari 10.925 euro ordaintzea dagokio. Kanpinean 20.500 euroko balioa duten berrikuntzak eginen dira. Turismo azpiegitura horren kudeaketa deialdia heldu den hilabetean eginen du udalak. Azkenik, frontoiko teilatu txikia konpontzea 34.610 euro