Laida Aldazen Kirolak ikuskizuna DNA jaialdian

Guaixe 2018ko mai. 11a, 13:00

Bihar Zangozako kale nagusian eginen du emanaldia, 13:00etan; igandean Agoizko Behe Nafarroa plazan izanen da

Herri kirolen irakurketa egiten du Laida Aldaz dantzari etxarriarrak Helena Lizardirekin sortutako Kirolak ikuskizunean. Txalapartaren soinuaren bitartez bi dantzariek herri kiroletan ematen den erresistentzia, indarra eta trebezia irudikatzen dute. DNA Nafarroako dantza garaikidea jaialdiaren barruan emanaldia eskainiko dute bihar Zangozako kale nagusian eta igandean Agoizko Behe Nafarroa plazan, 13:00etan.

Kirolak ikuskizunean aizkora proba, gizon proba, lokotx biltzea, sokatira eta lasto altxatzearen irudikapena ikusten da. Dantzaren bidez bi dantzariek nekazaritzako munduko lanetatik sortutako herri kirolak antzezten dituzte. Herri kiroletako zimenduetan lehiakortasuna, erresistentzia, abilezia, desafioa, indarra eta abar daude, eta hori da Kirolak emanaldian erakusten dutena. Indarra duen ikuskizuna da.

Aldazen eta Lizardiren gorputzak txalapartaren doinuarekin mugitzen dira. Zenbait kirolen antzezpena erreala bada ere, beste batzuena dantzariek transmititzen dituzten sentimenduetan antzematen da. Txalapartariak Mikel Casanellas eta Silbia Munarriz dira.