Mikel Auzmendi gitarra bakarlariaren kontzertua

Guaixe 2018ko mai. 18a, 14:15

 

Dantza musikaren historiaren barneko bidaia eginen du bihar Auzmendik Etxarriko kultur etxean, 19:30ean

Mikel Auzmendi Garziandia gitarra bakarlari etxarriarrak Dantza musika gitarra emanaldia eskainiko du bihar Etxarri Aranazko kultur etxean. Dantzatzeko sortu den musika izanen du ardatz emanaldiak. Berak prestatu duen egitaraua interpretatuko du.


Goi-mailako musika ikasketen azken mailan dago Auzmendi, hortaz, ikasketak amaitzeko lana aurkeztuko du ekainean. Lanaren barruan haiek prestatutako egitarauaren errezitala egin behar dute. "Ez da bakarrik emanaldia egitea, abesti horiek zergatik aukeratu dituzun azaldu behar duzu, aurkezpen bat egin eta abar". Biharko emanaldian ere dantza musikaren ibilaldiaren berri emanen du, "abesti bakoitzaren aurkezpentxo bat eginen dut".


Bach konpositorearen talde dantza batekin hasiko du emanaldia Auzmendik. "Bach-en musika oso gordina da". Loure dantza frantziarraren doinuekin jarraituko du. Ondoren, Francisco Calesen Gran jota aragonesa interpretatuko du. Latinoamerikako sanba eta tango pieza bana interpretatuko ditu, eta, handik, Balkanetara bidaia eginen du: "Balkanetako erritmoa oso irregularra da, euskal musikaren antzekoa". Amaitzeko, kontzertuaren momentu "potoloa" iritsiko da Joaquin Rodrigoren Fantasia de un gentilhombre lanaren interpretazioarekin. Michel Reynosa piano-jolearen laguntza izanen du obra hau interpretatzeko. Dantza zaharra oinarri zituen Rodrigok, baina "lengoaia modernoa" erabili zuzen konposizioak egiteko.


"Ordu bateko emanaldia egin behar dut. Gainera, piezen arteko harremanak zentzua izan behar du, hari bat jarraitu behar dute". Musikaz harago joanen da emanaldia. Auzmendik hautatu dituen dantza kantak gitarrara moldatu ditu, baina azaldu duenez konpositoreek haien lana nola jo idazten zuten.