Kultura plazara, musika eta dantza zikloarekin

Guaixe 2018ko mai. 18a, 12:00
Sonakay taldea izanen da Etxarri Aranazko Musika plazan zikloan. UTZITAKOA

Zuzeneko musika zikloa hartzen du urtero Etxarri Aranazko plazak udaberri akabera aldera. Maiatzeko eta garagarrileko igandeetan izanen dira emanaldiak, 19:30ean. Arte eszenikoen erakustaldi batekin hasiko dute zikloa plaza "berrian".

Arte eszenikoen erakustaldia, folk musika, flamenkoa eta musika ikasleak bilduko ditu Etxarri Aranazko musika plazan zikloak. Maiatzaren eta garagarrileko igandeetan izanen dira emanaldiak, 19:30ean. Aurten berritasun batekin dator zikloa. Maiatzaren 20an liburutegia eta plazaren artean dagoen espazioa mustuko dute arte eszenikoen erakustaldiarekin. Plaza "berrian" arte eszenikoen erakustaldia eginen dute.

Musika eta kultura plazara ateratzea da musika zikloaren helburua. “Igandeetan 19:00etatik aurrera plazan giroa sortzea”, adierazi du Amaia Ijurra Etxarri Aranazko Kultura teknikariak. Musika ez ezik dantza eta arte eszenikoen emanaldia izanen da zikloaren lehenengo emanaldian. Ainhoa Juaniz ari da arte eszenikoen emanaldia antolatzen, eta, horretarako, arte eszenikoen munduko hainbat pertsonarekin harremanetan jarri da. “Malabaristak, akrobazia aereoak, kableak eta abar izanen dira, musika eta dantzarekin batera”.

Arte eszenikoen emanaldia plaza “berrian” izanen da: “liburutegia eta plazaren arteko espazio hori berritu dugu. 500 metro koadro ditu. Lehen galtzada-harri zoladura zegoen eta bertan ezin genituen ekitaldiak antolatu lurzoruak ez zuelako uzten. Ez dantza, ez herri kirolak...”. Galtzada-harriak kendu dituzte lurzorua berdinduz, eta “ekimenak antolatzeko espazio berria” sortu dute. Plazaren erabilera berriaren erakusle izanen da maiatzaren 20an eginen duten arte eszenikoen erakustaldia. Musika zikloaren hurrengo emanaldiak, aldiz, kioskoaren plazan izanen dira, aurreko urteetan bezala.

Kontrasteen musika zikloa izanen da Etxarri Aranazko maiatzeko eta garagarrileko igandeetan eskainiko dutena. Hortaz, hainbat estilotako musika izanen da. Arte eszenikoetatik folk musikara pasako da zikloa, eta handik flamenkora. Musika eskolakoak ikasitakoa erakusten amaituko da musika zikloa.

Manez eta kobreak taldea izanen da plazan maiatzaren 27an, 19:30ean. Iparraldeko taldea da eta folk musika jotzen du. Thierry Bizkai dago taldearen atzean. Hainbat taldetan aritu ondoren, Bolbora eta Kalakan, besteak beste, abesti propioak sortzea eta aurkeztea erabaki zuen. Kobreak metalezko taldearekin batera aritzen da. Lurrarekin eta komunitatearekin duen harremana aipatzen dute abestiek.

Flamenkoaren eta euskal musikaren arteko fusioa egiten du Sonakay euskal ijito taldeak. Telebistako talentu saio batean parte-hartu ondoren ezagunak egin dira. Mikel Laboaren Txoriak Txori abestiaren flamenko bertsioa abestu zuten eta publikoa liluratu zuten. Ekainaren 3an, 19:30ean, izanen dira Etxarri Aranazko plazan. Mikel Laboa eta Benito Lertxundiren euskal musikarien doinuetan inspiratzen dira, baita Camaron de la Isla eta Paco de Lucia flamenko musikarietan ere.

Musika zikloarekin amaitzeko, azken urteetan egin bezala, herriko Musika Eskolako ikasleen emanaldia izanen da. Ekainaren 10ean izanen da, 19:30ean. “Musikari gazteak kalera ateratzeko modu bat da. Haien musika eta lanari balore ematea. Herriak jakin dezan musika eskolak zer egiten duen”.

Musika zikloko emanaldiak antolatzeko herritarren proposamenak jasotzen dituela azaldu du Ijurrak. “Proposamenak jasotzen ditugu eta posible bada ekartzea, ekartzen ditugu".