Beste txapeldun bat jaio da: Bakaikoa

Guaixe 2018ko mai. 21a, 12:07

Joanes Bakaikoak Promozioko Buruz buruko Txapelketako txapelduna da, Jon Erasuni 17 eta 22 irabazi eta gero

Joanes Bakaikoak merezimendu osoz jantzi zuen Promozioko Buruz Buruko txapela. Etxarri Aranazko aurrelariak eta Jon Erasunek lehia bizia izan zuten Labriten jokatu zen final ederrean eta, partida oso gogorrean –398 pilotakada izan ziren partidak iraun zuen 69 minututan– azkenean etxarriarra gailendu zen, ederki sufrituta, eta txapela jantzi zuen, aurreko urteko arantza ateraz. Beste txapeldun bat jaio da eta espero dezagun urte luzetarako izatea.

Dirua Bakaikoaren alde atera zen nabarmen. Joanesek bere aita izan zuen botillero, Joxi Bakaikoa, eta Jon Erasunek Jon Eskudero. Aipatzekoa da partidaren hasieran parez pare ibili zirela bi pilotariak. Pilotari bakoitzak bere zaleen babesa izan zuen alde; etengabe animatu zituzten bi finalistak eta giro bikaina zegoen Labriten. Batera, hirura eta bostera berdindu zuten biek, baina Joanes Bakaikoa piloteoan dominatzen hasi zen, aldea ateratzen joan zen eta 9 eta 18 aurreratu zen. Tartean, sei tanto egin zituen sakearekin eta min handia egin zuen airez jokatutako piloteoarekin eta pilota ezkerreko horman sartuta.

Baina Erasunek ez zuen etsi. Sekulako defentsa baliatuz, berriro partidan sartu zen. Partida izugarri gogortu zen hortik aurrera, eta gogortasun horretan arroka sendoa dela erakutsi zuen Zizurkilgoak. 5 tanto segidan egin zituen eta 13 eta 18 gerturatu zitzaion Bakaikoari. Azken txanpa horretan indartsu atzematen zitzaion atzelari gipuzkoarrari; aldiz, gasolina ia agortzen ari zitzaiola zirudien aurrelari etxarriarra, eta urduritzen hasi zen. Horrela, Erasunek gora egin zuen azkeneko txanpa horretan eta 17 eta 20 gerturatzea lortu zuen. Baina Joanes Bakaikoak gurutzatutako pilota bat ezin izan zuen erantzun eta etxarriarraren dejada batetara ez zen iritsi. Horrela, eta izugarri sufrituta, 17 eta 22 irabazi zuen Joanes Bakaikoak eta Promesetako Buruz Buruko txapela jantzi zuen. Final ikusgarria izan zen, zaletasuna sortzen duenetakoa

Ederki kostatakoa
Bakaikoak onartu zuen ederki kostata lortu zuela txapela. “Fisikoki nekatu egin naiz, asko sartzen naiz ezkerrarekin sotamanoz eta ezkerra ere kargatu egin zait; ez nuen gozatzen. Beraz, irabazitakoan gustura geratu naiz. Erasun oso pilotari gogorra da, ongi jokatu behar da bera irabazteko eta gaur demostratu egin du” adierazi zuen txapeldun etxarriarrak, partida bukatuta. “Partida erdialdean jokoa gogortu dut nire burua ongi ikusten nuelako, baina ondoren nekatu egin naiz, partida izugarri gogortu da. Azken txanpa horretan bera ni baino hobe zegoen fisikoki eta ahal dudan moduan irabaztea lortu dut” gaineratu zuen. “Akaso ez dut nahi bezain ongi jokatu, baina partida hauetan garrantzitsuena 22ra irabaztea zen, lortu dut eta oso pozik nago” esan zuen etxarriarrak. Iaz Axier Arteagak irabazi zion finalean, eta aurten arantza ateratzea eta txapeldun izatea lortu du Joanes Bakaikoak.

Hurrengo urtean lehen mailako buruz burukoan ariko da etxarriarra. “Beraiekin jokatu ahal izatea opari bat da. Nire jokoa egiten eta disfrutatzen saiatuko naiz” aipatu zuen. Baina orain lortutakoa ospatzea dagokio etxarriarrari. “Labriteko giroa ikusgarria izan da. Pribilegio bat da. Txapela gaur etorri den jende guztiari, urte osoan barna, egunerokoan nire ondoan daudenei eta gurasoei eta amonari eskaintzen diet, laguntzen jarraitzen dutelako” nabarmendu zuen. Ondoren, senitarteko eta lagunekin ederki ospatu zuten txapela jantzi izana. Zorionak!