Arte eszenikoen erakustaldiak mustu du plaza "berria"

Guaixe 2018ko mai. 23a, 16:53

Etxarri Aranatzko plazaren eta liburutegiaren artean zegoen espazioaren lurzorua berritu ondoren erabilera anitzetarako espazioa sortu dute, eta igandean mustu zuten arte eszenikoen erakustaldiarekin.

Liburutegia eta plazaren arteko espazioa berritu du Etxarri Aranazko udalak. Lurzorua berdindu dute galtzada-harri zoladura kenduz. "Orain" kultura ekitaldiak egin ahalko dira "zelai" berri honetan, Amaia Ijurra Etxarri Aranazko Kultur teknikariak azaldu zuenez. Horren erakusle izan zen igandean egin zen arte eszenikoen erakustaldia. Gainera, arte eszenikoen erakustaldiak Musika eta dantza plazan zikloari hasiera eman zion. “Plaza mustutzeko zerbait berezia egitea eskatu zidan Kultura Zerbitzuak. Hortaz, zerbait garaikidea egitea ongi iruditu zitzaigun”, azaldu du Ainhoa Juaniz artistak.

Erakustaldian arte eszenikoen hainbat diziplina ikusi ziren, esaterako, kablea, oihalak, malabareak eta akroport. Garazi Pascualek kablearen gainean oreka emanaldia eskaini zuen. Aurreskua dantzatu zuen kablearen gainean, besteak beste. Alaia eta Iraia Zirkud Blaiko kideak dira eta akroport eta dantza garaikidea uztartu zituzten. Isis artistak oihalen artean hegan egin zuen. Malabareekin zerbait berezia egitea nahi zuen Juanizek, hortaz, Dabitxi artistak tenis raketekin emanaldia egin zuen, Makina eta Ni ikuskizun berriaren parte dena. Musikaz Unai Otegi arduratu zen. Pablo Jimenezek pianoa jo zuen eta Jose Ramon Rodriguezek biolan aritu zen. Tangoa, Choroa, Rap Time, klezmer eta musika irlandarrez osaturaiko errepertorio anitza eskaini zuten saio bakoitzaren arteko etenaldian.