Larrañeta kalean eta plazan oinezkoendako espazio berriak sortu ondoren, plaza ingurua hobetzeko prozesua despeditzeko estalopea jartzea besterik ez da falta. Etxarri Aranazko Udalak sustatutako parte-hartze prozesuan eguraldi txarra egiten duenerako estalope baten premia sumatu zen. Irailaren 28ko batzarrean erabakitakoaren arabera estalope finkoa izanen da, zurez eta metalez egina eta argia pasatzen utziko duen material batekin. Hura jarri ahal izateko plazako zuhaitz batzuk kendu beharko liratekeela onartu zen.
Azken batzar hartan erabaki zen estalopea kioskoarekin integratzea eta hark eskailerak dituen aldean, atzean jartzea, udaletxe parea libre uzteko. Kioskotik Lazkoz eta Maiza kaleen parera arte erdiko bi zuhaitz ilarak kenduko lirateke eta hor jarriko litzateke estalopea. Horri A aukera deitu diote udaletxean.
Oinezkoendako guneak egiteko lanak despeditu berritan, udaletxe parean zabalgune handia gelditu da. Udalak proposatu duen B aukera estalopea liburutegi parean kokatzea litzateke, eraikin ondoan dauden zuhaitzak mantenduz baina beste sei kenduz, estalopeak oinezkoen zatia hartuko luke, Ugalde kalera arte kasik. Batzarrean bi aukera horien eta aurkez litezkeenen artean erabakiko da. Eta behin hori zehaztuta proiektua egin beharko da.
Joan ezin dutenendako
Egoera horretan dauden etxarriarrek euren ekarpena idatziz aurkezteko aukera izanen dute garagarrilaren 5era arte. Ekarpen horiek udaletxean (astegunetan, goizez), liburutegian (arratsaldez) edo kultura@etxarriaranatz.eus e-posta helbidean aurkeztu daitezke. Udaletik jakinarazi dute bide horien bidez emandako iritziak batzarrean jasoko direla.