Ikastetxera Maiza kaletik joateko eskatu du udalak

Guaixe 2018ko mai. 29a, 08:41

Etxarriko ikuspegia eskolako patiotik.

San Donato eskola publikoko eta Andra Mari ikastolako Lehen Hezkuntzako hainbat ikasle etxarriar bizikletaz joaten dira egunero. Etxarri Aranazko Udaletik ohitura “txalogarria eta bultzatu beharrekoa” dela gaztigatu dute. Baina neska-mutilek klaserako bidea hartzerakoan kaleen norabideak errespetatzeko eta Maiza kaletik joateko eskatu die udalak (Xapatero taberna eta Estankoko kalea).

Izan ere, zenbaitek Mundiño-Arañaz kaleetatik, udaletxe ondoko kaletik joateko ohitura hartu dute. Hori kontrako norabidean joatea esan nahi du eta, gainera, aldapan behera abiadura bizian joatea. Udaletik gaztigatu dutenez, “horren guztiaren ondorioz, oso egoera arriskutsuak sortzen ari dira aurrez aurre autoak heldu direlako, eta auto-gidariek ez dituztelako bizikletak ikusten, gainean egon arte”. Horregatik, udalak jakinarazi du “klasera bizikletaz joateko Maiza kalea hartu behar dela, zebra bidea behar bezala erabilita”.