116 bikote Andra Mari ikastolaren Binakako lasterketan

Guaixe 2018ko mai. 30a, 14:41

Bost kategoriatako probak jokatu ziren eta bukaeran sokatira erakustaldia eta auzate ederra izan ziren guztiendako

Andra Mari ikastolaren V. Binakako Lasterketa, Naparpellet Saria lasterketa jokatu zen larunbatean Etxarri Aranatzen. Izenak dioen bezala, lasterketa honen ezaugarri berezienetakoa da bikoteka hartu behar dela parte. Guztira bost kategoria ezberdinetan jokatu zen bikotekako proba hau, Haur Hezkuntzako haurretatik hasita, helduetaraino. Aipatzekoa da haur bakoitzak heldu batekin osatu zuela bikoa; LHko 5. mailatik aurrera, ordea, nahi zuten bezala moldatu zituzten bikoak, helduekin edo ikasleekin.

Lehenik eta behin 2 eta 4 urte bitarteko haurrek Molto edo motor lasterketan hartu zuten parte; ondoren, Haur Hezkuntzakoen lasterketa, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoen proba eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoen lasterketa jokatu ziren. Eta, bukatzeko, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerakoen probaren txanda izan zen. Kasu honetan, korrikalariek Andra Mari ikastola berriraino joan eta buelta egin behar izan zuten (1.609 m). Kategoria guztiak kontuan hartuta, 116 bikotek hartu zuten parte, 232 partaide guztira. Proba herrikoia denez, ez da denborarik ez klasifikaziorik egiten.

Zozketak
Bukaeran ikastolako irakasleak ikasleen kontra aritu ziren, sokatiran, eta auzate ederra egon zen bildutako guztiendako. Giroa berotzeko, bikoteek argazkia ateratzeko aukera izan zuten photocallean eta zozketa ederrak izan ziren. Helduen artean Borda jatetxean afaria zozketatu zen, eta Ainhoa Urbe eta Leire Arruabarrena izan ziren zortekoak. Bestalde, LH 5. mailatik gorakoen proban taldeka parte hartu ahal zen, 8 kidez osatutako taldetan. Bi talde animatu ziren eta Lokartuezinak gailendu zen. Horrela, beraiendako izan ziren jokoan zeuden Urbasa Abentura parkeko sarrerak.

Andra Mari ikastolak jardunaldiaren balorazio positiboa egin du. “Giro polita egon zen. Bestalde,  binaka aritu behar izatea modu oso polita da gurasoek eta euren seme-alabek elkarrekin parte hartzeko, harreman hori sustatzeko” adierazi dute ikastolatik. Izan ere, lasterketarekin familian parte hartzearen balorea sustatu nahi da, hau da, familia, jarduera fisikoa eta parte hartzea uztartzea. Bestetik, helburu ekonomikoa du, ikastolarendako sostengua lortzea.