Puntako errugbia Etxarrin: La Unica vs Gaztedi

Guaixe 2018ko mai. 31a, 16:10

Larunbatean, 17:00etan, Euskal Ligako 1. mailan jokatzen duten bi taldeen arteko lehia jokatuko da San Donato zelaian

Etxarriko I. Errugbi Txapelketa jokatuko da larunbatean, 17:00etan, San Donato zelaian. Zehazki, Euskal Ligako 1. mailan jokatzen duten bi taldeen arteko lehia izango da jokoan egonen dena: Iruñeko La Unica eta Gasteizko Gaztedi taldeen artekoa. Etxarri Aranazko Udalak antolatu du aipatu errugbi txapelketa, Sakanako Mankomunitatearen, Etxarri Aranatz futbol taldearen eta Nafarroako Rugbi federazioaren laguntzarekin.

Sakanan errugbia sustatu nahi da
Sakanan errugbia sustatzeko lan handia egiten ari dira azkenaldi honetan eragile ezberdinak. Esaterako, Sakanako Mankomunitateak Sakanako neska-mutilei zuzendutako errugbi campusa antolatu du aurten, nobedadea. Nafarroako errugbi federazioak oso begi onekin hartu zuen campusa antolatzearen ideia, eta campusa sustatzeko eta errugbia ezagutarazteko Sakanako hainbat ikastetxeetan hitzaldiak eta erakustaldiak antolatu zituen apirilean, errugbia zer den, nola jokatzen den eta errugbiak sustatzen dituen baloreak ezagutarazteko.

43 neska-mutiko Sakanako errugbi campusean
Badirudi sustapen lanak emaitza paregabea izan duela, izan ere, 8 urtetik 13 urte bitarteko 43 neska-mutikok eman baitute izena Sakanako errugbi campuserako. Etxarri Aranazko futbol zelaian izango da, ekainaren 11tik 15era, 15:00etatik 19:00etara. “Erantzuna oso ona izan da” nabarmendu du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. Hiru monitorek hartuko dute Sakanako errugbi campuseko ardura: Leire Rodriguez, La Unica errugbi taldeko jokalaria eta Sakanako ikastetxeetan errugbi saioak eskaini dituena; Gorka Garate, errugbi jokalari eta entrenatzailea; eta Gaizka Ocaña, Eibarko jokalaria eta Sakanan errugbi campusa antolatzeko sustatzaileetako bat.

Sakanako errugbi campusa hasteko gogotsu daude guztiak. “Ekainaren 13an, San Kiriko eguna denez, lehenengo bi orduak futbol zelaian egingo dituzte eta ondorengo biak festa egingo den Andra mari ermitaren ondoan. Eta egunen batean ere igerilekura joango dira” gaineratu du Gerrikagoitiak.