Errugbiak sakandarren interesa piztu zuen

Guaixe 2018ko eka. 4a, 11:19

La Unica gailendu zitzaion Gaztediri larunbatean Etxarrin jokatutako errugi partidan. Urtetan errugbian dabilen Axio Arañari oroigarria eman zion Etxarriko Udalak

Sakanan errugbia sustatzeko egiten ari den lanaren barruan, Etxarri Aranazko Udalak Etxarriko I. Errugbi Txapelketa antolatu zuen larunbatean, hainbat babesleren laguntzarekin. Horrela, Euskal Ligako 1. mailan jokatzen duten Iruñeko La Unica eta Gasteizko taldeen arteko partidaz gozatzeko aukera izan zuten San Donato zelaira hurbildu zirenak. Primerako giroa zegoela, jokaldi ikusgarriak  eskaini zituzten bi taldeek eta La Unica izan zen gailendu zen taldea. Aipatzekoa da partidak interes asko piztu zuela eta jende asko hurbildu zela San Donato zelaira.

Ekitaldian, Etxarri Aranazko Udalak Axio Arañari oroigarria eman zion. Araña urte luzez Ordizia Errugbi taldean aritu izan da jokalari moduan eta egun La Unicako taldeetako baten entrenatzaile lanetan dihardu. Beti errugbiari lotuta, merezitako txaloak jaso zituen.

Hurrengo astean hasiko da errugbi campusa
Sakanako Mankomunitateak antolatutako errugbi campusa hurrengo astelehenean, ekainaren 11n hasiko da. 8 urtetik 13 urte bitarteko 43 neska-mutikok eman dute izena eta aste batez errubgian murgilduko dira, 15:00etatik 19:00etara, Etxarriko San Donato futbol zelaian. Gaizka Ocaña Eibar taldeko jokalari urdiaindarrak, Gorka Garate errugbi jokalari eta entrenatzaileak eta Leire Rodriguez La Unicako errugbi taldeko jokalariak gidatuko dute campusa.