Eguraldi txarra dagoenean jendea babestuko duen estalopea kioskoaren atzean eginen da. Horrek ekarriko du kioskotik Lazkoz eta Maiza kaleen parera arte plazako erdiko bi zuhaitz ilarak kenduko direla estalopea jartzeko (12-14 zuhaitz). Estalopeak kioskoa bere barnean hartuko du, integratu eginen du. Egitura finkoa izanen du, baina ez da zehaztu zein materialez egina izanen den edo nola. Zuhaitzen gainetik eraikiko da eta aldameneko etxeak kontuan izanen ditu. Beraz, udaletxe pareko plaza zatia orain arte bezala geldituko da.
Estalopea jartzeko lanak aurten eginen dira. Izan ere, Etxarri Aranazko Udalak Europako Landa Garapenerako Programaren bidez 50.000 euroko diru-laguntza lortu du eta lanak aurten egin beharra du. Horretan, udalak Cederna-Garalurren laguntza izan du.
Parte-hartzea
Udalak plaza eta bere ingurua hobetzeko parte-hartze prozesua martxan jarri zuen 2017ko otsailean. Handik sortu zen oinezkoendako eremuak egiteko kezka, dagoeneko errealitate dena.
Estalope baten beharra ere nabarmendu zen. Gaiak lantzeko hainbat bilera egin dira. Azkena herenegun. Hartan 72 etxarriarrek parte hartu zuten. Gainera, batzarrera joan ezin zutenek euren ideiak idatziz aurkezteko aukera izan zuten udaletxean. Bide horretatik 77 ekarpen jaso ziren.
Batzuen eta besteen iritziak entzunda, batzarrera agertu ziren guztien adostasunez erabaki zen estalopearen kokapena kiosko atzean jartzea.