Udazken akaberako kontu bat da Euskaraldia, bai. Baina hura behar bezala prestatzeko beta behar da eta Euskal Herriko 300dik gora herritan bezala Etxarrin ere hasi dira lanketa egiten. Izan ere, Euskaraldia Euskal Herri guztian aldi berean eginen den ariketa kolektibo bat da. Helburua 11 egunez euskara ahalik eta gehien euskara erabiltzea da, bai kalean, nola tabernan, bai dendan, erakunde ofizialetan… "Jendeak euskaraz gehiago egin dezan helburua du egitasmoak"-
Herritarrak dira Euskaraldiko protagonistak. "Egunerokoan ditugun harremanetan, hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatu nahi da". Horretarako, euskaraz hitz egiteko gai direnei, euskaraz hitz egitera gonbidatuko dituzte. Haiek Ahobiziak izanen dira. "Lehen hitza, gutxienez, beti euskaraz eginen dute. Euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiten diete". Bestetik, euskara ulertzeko ere gai diren pertsonak daude, Belarriprestak. Euskara ulertzen du, eta baliteke hitz egiteko gai izatea ere. Trebeziaren arabera euskaraz edo erdaraz erantzunen du. Elkarrizketa elebiduna sortzean bi hiztunak eroso sentitzen diren hizkuntzan aritzeko aukera izanen dute.
Etxarri Aranatzen patroiaren eguna, San Kiriko, aukeratu zuten soziolinguistika ariketa kolektiboa aurkezteko. Iraila bitartean haren berri emanen dute, zeren irailean jendeak Euskaraldian izena emateko epea zabalduko baita. Ahobiziak eta Belarriprestak 11 egun horietan sor daitezkeen hainbat egoeratan eroso senti daitezen tailerrak eginen dira. Azarora arte izanen dira eta haietan tresnak eskainiko zaizkie Euskaraldia esperientzia positiboa izan dadin.
Dagoeneko 11 etxarriarrek hartu dute Ahobizi edo Belarriprest izateko konpromisoa: Olatz Aldasoro, Juli Peruski, Pedro Lizarraga, Irati Igoa, Balen Ormazabal, Garazi Korroza, Dolores Lopez de Sabando, Idoia Agirre, Sara Otamendi eta Aitor Zubieta.