Igandeko Trikutraila, lepo

Guaixe 2018ko eka. 22a, 14:02

Igandean jokatuko da, 9:30etik aurrera, Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuta. 21 km eta 1.400 m-ko desnibel positiboa duen proba da, eta bertan aritzeko 350 dortsalak agortuta daude. Bezperan Trikularunbata antolatu dute kanpinean

Triku Trail Kirol Taldea igandean Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuko den V. Triku Traila behar bezala antolatzeko azken ukituetan dabil lanean. Proba antolatzeko Etxarriko Kanpinaren, Etxarri Aranazko Udalaren, Nafarroako Mendi Federazioaren eta Euskal Mendizale Federazioaren laguntza eta hainbat eta hainbat babesleren babesa izan du taldeak. 21 kilometroko proba da, 1.400 metroko desnibel positiboa duena, paraje zoragarrian barna. Aurreko urtean ez bezala, aurten Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako eta Euskadiko Koparako puntuagarria izango da.

Harizti, pagadi eta trikuharrietan
Ibilbidean ez da aldaketarik egongo, ez baitu behar, hori baita Trikutrailaren xarma: harizti, pagadi eta trikuharrietatik barna ibiliko da Triku Trail, paraje zoragarrian. Ez da mendi punta garaietara igotzen, Etxarriko beheko basoan du oinarri probak. Izan ere, Triku Trail taldean mendi lasterketetan aritzen diren etxarriarrak biltzen dira eta hain zuzen ere Etxarriko beheko basoan sarritan ibiltzen dira entrenatzen. Horrela bururatu zitzaien Triku Trail mendi lasterketa antolatzea, euren entrenamendu tokia paraje zoragarria delako. “Sekulako basoa dugu, korrika egiteko espeziala. Gorabeheratsua da, malda gogorrak ditu, suabeagoak… ibilbide zoragarria da, gogortasun handia ematen dio probari eta jendeari gustatu zaio. Horregatik mantentzen dugu ibilbidea” diote antolatzaileek.

Horrela, lasterketa Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuko da 9:30ean. Trikuharrien ibilbidea da lasterketaren oinarria, luzatuta. Proba zorrotza da, baina ezberdina. Izan ere, Trikutraila gehienbat basoan garatzen da. Kanpinetik abiatuta, hariztien ibilbidetik haritz eta pago artean ia estalita ibiliko dira korrikalariak, itzalpean. Aurrerago, Maitzegurretik pasatuko dira korrikalariak, eta segidan Auntzetxetik. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua pasatu ondoren Lizarrustira helduko dira. Ondoren Txaradigorri trikuharrira joko dute. Horixe izango da eremurik gogorrena. Hortik Hirumugeta igoko dute, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik haritz zaharren ibilbide zoragarritik jaitsiko dira, eta Etxarriko kanpineko helmugan despedituko da proba. 



Dortsalak, agortuta

Probak 350 parte-hartzaileren muga dauka eta ekainaren 18tik ez da dortsalik geratzen. Agortuta daude, probak duen erakargarritasunaren isla. Korrikalariak zaindu nahi dituzte, zerbitzuekin eta lasterketarekin gustura geratu daitezen, eta horregatik ez dute parte-hartzaileen muga zabaltzen.

Aurreko urtean ere probako dortsalak agortu ziren eta Ander Iñarra lezotarra (1:43:42) eta Maite Etxezarreta azpeitiarra (2:10:12) izan ziren azkarrenak. Aipatzekoa da 43 sakandarrek osatu zutela proba eta Aritz Munarriz eta Erkuden San Martin etxarriarrak izan zirela lehenak. Trikutrailen errekorra 2016an ezarri zuten Walther Becerrak (1:42:58) eta Virginia Perezek (2:07:08).

350 korrikalarik haratuko dute irteera aurten, eta iganderako 26-28 graduko tenperaturak iragartzen direnez, beroa izango da korrikalarien arerioetako bat. Hortaz, bereziki hidratazioa zaindu beharko dute korrikalariek. Hornidura guneek erraztuko dute hori. Ildo honetan, dena behar bezala ateratzeko makina bat boluntario ariko dira lanean.

Kanpinean eta probako inguruetan giro oso polita sortzen da eta eta proba jarraitzera animatu dituzte sakandarrak. 



Sari ederrak

Antolatzaileek 1.200 euro banatuko dituzte sarietan. Lehendabiziko gizonak eta emakumezkoak txapela, trofeoa eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek 200 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. Lehen beteranoendako, lehen sakandarrendako eta etxarriarrendako ere trofeoak izanen dira. Horretaz gain, korrikalari guztiek opari poltsa jasoko dute eta proba ondoren auzate ederra egonen da proba jarraitzera hurbiltzen diren guztiondako. 



Trikutxikia

Igandean, korrikalariak proba nagusian dauden bitartean, etxeko txikienendako Trikutxiki proba ez lehiakorra antolatu dute goizeko 9:45ean, Etxarriko kanpinaren inguruetan, Izan ere, etxeko txikienekin distantzia sinbolikoa duen probatxoa egitea ideia polita da. Izena igandean bertan eman beharko da eta bertan aritzera animatu dituzte gaztetxoak. 



Triku larunbata
Trikutrail lasterketan parte hartzera datozen korrikalariei, haien familiei eta Etxarriko kanpinera hurbiltzen diren guztiei begira, aurten lehenengoz Triku larunbata antolatu dute, kanpinekoen laguntzarekin. Larunbatean, egun guztian barna, ping-ponga, rokodromoa, tenisa, jokoak, altxorrak, duatloia eta beste izanen dira.

trikutrail.com

Probako informazio guztia, Trikutrail denda, ibilbideen tracka eta beste. Facebookean ere (Trikutrail).