Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta Guardia Civila Gasteizko unibertsitateko campusean sartu da. Zehazki Farmazia, Letrak eta Gizarte Lan fakultateetako ikasle gelatan. Haiek miatzen 06:30etik 07:45era egon da. “Terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea delituekin” lotutako “zantzuak” bilatzera joan dira eta, besteak beste, ordenagailuak eta bestelako materiala eraman dituzte. Operazio horren barruan, gaur, 04:00etan Guardia Civilak ikasle mugimenduko emakumezko etxarriar bat atxilotu dute. Gasteizko Guardia Civilaren komandantziara eraman dute. Jakin dugunez, komunikatuta dago eta baliteke gaur, 13:00etan, epailearen aurretik pasatzea. Gasteizen eta Azpeitian beste atxiloketa bana izan da.
Arabako campusean Zigor Aranbarri ETAko kide zenari joan den urteko Gudari Egunean eskaini zioten ekitaldiarekin lotura luke operazioak. ETAko beste hiru kiderekin batera autoan zihoala, garraiatzen ari ziren lehergailuak egin zion eztanda Aranbarriri, 2000. urteko abuztuaren 7an. Salaketa jaso zuten Guardia Civilean eta Espainiako Auzitegi Nazionalean eta horren ondorio da gaurko operatiboa.