Espainiako Instrukzioko 1. zenbakidun Epaitegi Zentralak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak koordinatutako operazioan Guardia Civilak hiru atxiloketa egin ditu Hego Euskal Herrian. Atxilotuetako bat emakumezko gazte etxarriarra da. Gasteizen galdakoztar bat atxilotu zuten eta Azpeitian beste gazte bat dira beste atxilotuak. Espainiako Barne Ministerioak zabaldu duenez, "terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea" leporatzen zaie.
Atxiloketez aparte, Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko campuseko Farmazia, Letrak eta Gizarte Langintza fakultateetako ikasle gelak miatu ditu 06:30etik 07:45era, "ETAkideak goratzeko ekitaldiak antolatzeko logistika eta antolakuntza gune direlakoan, baita azken urteetan egin diren indarkeriazko jardunena ere". Ministeriotik azaldu dutenez, ustez "omenaldietan eta bortizkeria ekintzetan erabili materiala" atzeman dute.
Guardia Civilak hiru ekitaldi zerrendatu ditu: 2016ko martxoaren 27an ETAko hildako bost kideri egindako omenaldia, 2016ko abenduaren 11n ETAko hiru buruzagi ohiri egindako omenaldia eta azken Gudari Egunean hildako ETAko kide bati egindako omenaldia.
Gazte etxarriarra autotik atera eta etxerantz zihoala, kalez jantzitako guardia civilek atxilotu dute 08:15 aldera. Diligentzia batzuk egiteko Guardia Civilaren Gasteizko Sansomediko kuartelera eramanen zutela esan diote. Gazteak 14:30ak aldera deklaratu du, abokatua aldamenean zuela eta 16:30ean aske gelditu da.