Iruña-Veleiako grafitoak aurkitu zituzten arkeologoak auzipeturik eta lanetik egotziak duela hamar urte eta, gainera, kartzela eta ez edonolako isun ekonomikoaren eskaera gainean dutela. Faltsuak omen diren ostraka bakoitzeko 600 € eta hori buztin zati batzuk baino ez direla zuendako. Hamar urte luze delituaren gorputza (corpus delicti) aztertu gabe eta bi auzipetuak zigortuta. Soilik behin-behineko kartzela ezartzea falta izan zaie.
“Aditu” deitu izana adituei iruditzen zaizu larria. Komatxoengatik ote? Bada, horrekin, ez direla ehuneko ehunean aditu adierazi nahi dut, grafitoak faltsuak direla ondorioztatzeko erabili dituzten argudioak ez baitira zuzenak, hemen bertan argitaraturiko “Merezi al dugu Iruña-Veleia” artikulu luzean esan nuen moduan. Honek, beste batzuek bezala, agian, irakurtzeA merezi du!
“Aditu” hauek hasi ziren grafitoak faltsuak zirelako arrazoiak plazaratzen. Eta horietako batzuk (Descartes, Z hizkiarena) benetan bitxiak, edozeinek baztertzeko modukoak. Beste batzuk, aldiz, “aditu” batek emandakoak izanik, bere “azterbide zientifikoarekin” fidaturik, sinisteko modukoak. Baina, hara non, 2011n, Miguel Thomson ikerlari eta ebaluatzaile zientifiko madrildarrak, banan-banan, hankaz gora jarri zituen. Eta penagarria bada ere, “adituen” argudio faltsu horiek dira jende gehienen oroimenean geratu direnak eta horrexegatik aipatuko ditut jarraian oinarri zientifikorik batere ez dutela azpimarratzeko.
“Descartes”. XVII. mendeko filosofoaren izena irakurri zuten Iruña-Veleiako ostraka batean Joaquín Gorrochateguik (EHUko katedraduna), Isabel Velázquezek (Madrileko Unibertsitate Complutenseko Latin filologiako katedraduna), Pilar Ciprések (EHUko Antzinako historiako irakaslea) eta Santos Yanguasek (EHUko Antzinako historiako katedraduna). Niscart da, Thomsonen arabera (inola ere ez, behintzat, Descartes), ostrakak idatzita ageri duen izena.
“Nefertiti”. Ia ezinezkoa Gorrochateguiren ustez garai horietarako, are gehiago bukaeran -s gabe. Thomsonek, berriz, ugari direla -s gabeko hitzak idazkun latinoetan: magi, manu, idu, filiu...
“Deidre”. Izen modernoa omen Gorrochategui, Ciprés, Santos Yanguas eta Julio Núñezendako (EHUko Arkeologiako irakasle titularra) eta, horregatik, ezinezkoa III. mendean agertzea. Irlandako jatorrizko Deirdre baten bilakabidea dela diote. Thomsonek frogatu zuen ohikoak direla behin bakarrik agertu diren inskripzio latinoak (ez zen, orduan, hori faltsua izateko aitzaki edo arrazoi izanen kasu honetan ere) eta, gaineratu zuen Deidre honen oso antzekoak diren izenak ere badirela inskripzio latinoetan, Dendre eta Dedre, esate baterako.
“Secuano”. Oso harrigarria, ezinezkoa ez bada ere, Velázquezendako eta Sequano beharko lukeela zioen. Thomsonek ohikoa dela esaten du eta Sicuani, Secuanus eta Secuan inskripzioak erakutsi zituen.
“Ioshe”, “Ieshu”. Gorrochateguik eta Velázquezek ezinezkoa dela tarteko /h/ hori agertzea /s/ baten ondoren. Thomsonek ondorengoak erakusten ditu: Pascashsa Pascasa-ren ordez, Caeshia Caesia-gatik eta Proshodus Prosodus beharrean.
“Pather”. Ezinezkoa /th/ taldea Velázquez, Ciprés eta Santos Yanguasen arabera. Eta, atzera berriz Thomsonek: virthus (15 aldiz), thurarius (10 aldiz), centhurio (3 aldiz), Catho (2 aldiz), Thullius (2 aldiz), mather, cesthula, Festhiva, Fausthinus, Patherio, Arthemisia,Arthemius, Arthemis edo Arthemon.
“Cuore”. Gorrochategui, Velazquez, Cipres, Santos Yanguas eta Nuñezen arabera pentsaezina /o/ bokala diptongaturik agertzea. Thomsonek: locuo (loco), Cuocus, Buolanus, Muonius.
“Veleia”. /b/-z izan behar Gorrochateguirendako. Nuñez “aditu”-ak berak ikusi ahal izan du /v/ hizkiaz idatzirik hondeamakina sartutakoan bertan.
“Novva”. Ulertezina, Gorrochateguik, kontsonante geminatua. Thomsonek: civves, Cavva, Evvaristus…
“Si/no”. Gorrochateguik eta Velazquezek ezinezkoa (sic/non). Thomsonek Veleiako grafitoetan bezala hainbat adibide.
“Z”. Ezinezkoa grezieratik kanpoko hizkuntzetan XV. mendea arte gutxienik aipatu kontsonantea agertzea, ez balitz aipatu hizkuntzatik hartutako hitzak erabiltzerakoan, Gorrochategui eta Joseba Lakarraren arabera (EHUko Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoaren katedraduna). Zer esan, orduan, Donemiliagako “jzioqui dugu” edo “guec ajutu ez dugu” horiei buruz?
“K”. Ezinezkoa /a/ bokalaren aurretik ez bada Gorrochateguik eta Lakarrak. Thomsonek: Mukianus, Markellino, Kornelia…
Garbi dago, beraz, arrazoi hauek izan badira grafitoak faltsuak direla ondorioztatzeko, “aditu” horiek, eta ez Lurmeneko arkeologoek, eman beharko dituztela azalpenak zergatik jokatu duten horrela argituz.
Bestalde, Mayor Orejaren garaiko “tregua trampa” kalifikazioaren kutsua dariona, “konplot-mundua”, erabili duzu nire artikulua gutxiesteko. Hiru osagai ikusten dizkiozu aipatu “konplotari”, baina horietako bat bera ere gezurtatu gabe. Badirudi lehentxeagoko “aditu” horiengan duzula erabateko fedea eta ez duzu froga zientifikorik behar. Izenburuan dioen moduan, argudioak norabide batekoak zein bestekoak izan daitezke, baina egintzen aurka ez dago argudiatzerik. Egintzek, hauek agertu arteko argudioak gainditzen dituzte. Galileo, Darwin edo Altamira, esate baterako, gogoratu. Aizu! Eta, adibide moduan, /j/ hizkiari dagokionez, noizkoa dugu “guec aJutu ez dugu”?
Amaitzeko, zuk aipatu duzunez Altsasuko gazteen aurkako konplota, bakarrik esan benetakoak edo faltsuak diren jakiteko grafitoak aztertzea eskatzen dugunon jarrera, antipodetan dagoela zuk afera honekiko duzunarekin. Madrilen gazte altsasuarrekin egin duten bezala, benetako frogarik gabe, bi arkeologoak epaitu eta kondenatu dituzu dagoeneko.