Isolamendu egoera salatu du Sarek

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 11:31
Presoen urruntzearen kontrako ekimen bat.

Espetxe baldintza horietan dauden presoek ziegan egunero 20 ordu ematen dituzte eta patioan 4. Sarek "salbuespenezko neurri horrekin bukatu beharra" dagoela nabarmendu du, "presoen gaia gatazkaren konponbidearen erdian jarri behar da".

Asteak dira herri guztian barna 20+4 dioten kartelak eta pankartak jarrita daudela. Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare Herritarrak jakinarazi du bere kanpaina bat dela: "Euskal presoek bizi duten salbuespenezko egoera islatu nahi dugu, haien eskubideak etengabe urratutako neurrien artean gogorrenetakoa den egoera baten berri emanez". Isolamendua hain zuzen ere.

ETAk bere jarduna duela 7 urte utzi eta duela bi hilabete desagertu bazen ere "salbuespenezko kartzela politikak bere horretan jarraitzen" dutela gogorarazi dute Saretik. Jakinarazi duenez, 31 euskal preso daude isolatuta. Horietako bat Juan Ramon Karasatorre Aldaz etxarriarra da. 2001ean Frantzian sartu zuten preso eta Espainian 5 urte daramatza preso. "5 urteak isolamenduan daramatza, beste kide batekin". Sarek salatu duenez, isolamenduaren " zorroztasuna dela eta, legez 14 eguneko muga dago".

Erregimenaz
Saretik argitu dutenez, isolamenduak lur arrasean dauden galeria txikiak dira, "zerua ikusteko aukerarik uzten ez duen hormatzarrez inguraturik". Gaineratu dutenez, “isolatuta dauden presoak eguneko 20 ordu ziegan eta 4 ordu burni-harizko teilatudun patio txiki batean ematen dute. Presoak patiora talde txikietan edo bakarrik ateratzen dituzte, erabateko kontrola, jarduerak egiteko aukerarik ez, miaketak egunero, tentsio jasanezina…” Espainiako espetxeetan isolamenduari "tortura txuria" deitzen zaiola nabarmendu dute Sare herritarretik eta preso dauden pertsonengan ondorio fisikoak, fisiologikoak edota psikologikoak uzten dituela.

Sare herritarrak isolamendu egoera berehala bukatu beharreko neurria dela gaztigatu du: “presoen gaia gatazkaren konponbidearen erdigunean jarri behar dugu eta jendartea izan behar da, presoak etxerako bidean jartzeko eginkizun horretan, protagonista”. Jakinarazi dutenez, Karasatorreren isolamenduari buruzko testigantzak jasotzen dituen bideo bat prestatzen ari dira, aurki zabalduko dutena. Haiek presoaren senideen eta lagunen ahotsean entzunen dira.


Juan Ramon Karasatorre Aldazen isolamenduari buruzko lekukotzak Castelló espetxetik:

1“…jadanik 5 urte daramatzat isolamenduan. Oraindik ez dakit zergatik… Madrilgo agindua dela esaten digu espetxe zuzendaritzak…”

2. “1.go graduan nago. Erregimen itxian. Euskal preso politiko gehienei lehen gradua automatikoki aplikatzen digute, eta horrekin batera erregimen itxia...”

3. “...mendeku usaia dario. Mendeku eta zigor gehigarri gisa erabiltzen dute...”

4. “...isolamenduan tratua oso krudela da. Errespetu gabe tratatzen gaituzte; garrasika, etengabe irainduz...”
5. “...guri kriston tentsioa eragiten digu egoera honek...”

6. “...isolamendu egoeran, espetxeak ez du deus egiten presoari laguntzeko, presoak moduluetan birgizarteratzeko ez du ezertxo ere egiten...”

7. “…patioan 4 ordu egoteko aukera dut. Beste 20ak ziegan pasatzen ditut...”

8. “Ez daukat aktibitateetara ateratzeko eskubiderik”

9. “Isolamenduko patioak oso txikiak dira: 10x5m eta hormek 7 metroko altuera dute”

10. “Ezin dugu ezer ikusi, zeru zati txiki bat besterik ez; eta hori ere sare batez inguraturik!”

11. “eguzkia udaberri bukaeran eta udan bakarrik ikusten dugu, udazken, negu osoa eta udaberriaren zati handi batean beti itzalean egoten gara patioan”

12. “dena, hormak eta lurra, porlanezkoak dira, eta kirola egiteko espazio gutxi dute patio hauek, baita ibiltzeko ere, denbora guztia bueltak ematen aritzen gara”

13. “benetako zuloak dira. Espetxe barruko kaiolak!”

14. “patioa goizeko bederatzietatik ordu bata arte izaten da. Ordu batean ziegara sartzen gaituzte eta hurrengo 20 orduak hor pasatzen ditugu ezertarako atera gabe...”

15. “Ziegak nahiko handiak dira baina oso hotzak. Hormigoizkoak dira eta neguan berogailua bakarrik ordu batzuk egoten da martxan. Ziegak ez dira sekula berotzen...”

16. “Leiho bakarra daukagu, parte txiki bat irekitzen dena, eta hortik ikusten den gauza bakarra hiru metrotara dagoen zazpi metroko horma eta zeruko puska txiki-txiki bat”

17. “Kaiola nazkagarri hauetan antolatzen ditugu egunaren 20 ordu. Irakurtzen, idazten, ikasten eta telebista ikusten...”

18. “Osasun zerbitzua badago, baina ez da batere ona...”

19. “...galeria txiki honetan, patiora Harriet kidea eta ni bakarrik ateratzen gara, eta denbora horretan guztian inor ikusi gabe eta inorekin hitz egin gabe egoten gara...”

20. “ez dugu inorekin hitz egin edo komunikatzeko aukerarik. Egoera hau nahiko gogorra da, jendearekin harremana galtzen dugulako eta, azkenean, kide bakarrarekin patioko harremana aspergarri bihurtzen delako...”

21. “...astero bisita bat daukagu 40 minutukoa eta hilabetean bi aurrez aurreko, ordu eta erdikoak, baina harreman sozial arrunt bat eramateko ez da nahikoa. Horrelako baldintzetan denbora luze bizitzea gogorra izaten da...”

22. “...Castelló I-eko isolamenduaren helburua, teorian preso arriskutsuak isolatzea, haien jarrera hobetzeko, birgizarteratzen laguntzeko...baina praktikan sistemaren errepresio tresna gogor bat da jendea izutzeko, txikitzeko...”

23. “...Espainian isolamendua jendea lurperatzeko erabiltzen dute: la carcel se construye desde el aislamiento...literalki. Hau da isolamendua, tresna errepresibo eta faxista bat da...”