Etxarri Aranazko Udalak kanpinaren eta igerilekuaren alokairu-kontratua emateko deialdia egitea onartu zuen joan den asteazkenean egindako bilkuran. Kontratazio prozedura irekiko deialdiaren bidez udalak 20 urterako eman nahi du kanpinaren eta igerilekuaren alokairua, heldu den urtean hasiko dena.
Interesatuek, alde batetik, euren gaitasun teknikoa eta profesionala azaldu beharko dute eskaeran. Bestetik, proposamen teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute. Alokairua hartzen duenak aurreneko bi urteetan udalari 40.000na euro ordaindu beharko dizkio, 3., 4. eta 5. urteetan 45.000 euro eta 6. urtetik aurrera 50.000 euro. Dagokion BEZarekin eta Kontsumo Prezioen Indizearen eguneraketarekin. Udalak horiek baino eskaintza txikiagoak ez ditu onartuko.
Kanpinaz
Etxarri Aranazko Danbolintxulo dermioan udal igerilekuak zeuden esparruan kanpina egitea erabaki zuen udalak. 1996an zabaldu zen turismo azpiegitura. Ordutik, 22 urtez, Floren Vicentek eta Montserrat Lopezek kudeatu dute udal turismo azpiegitura. Haiekin batera hazi da kanpina, beraz. Gaur egun 4 izarretako kategoria eta Q turismo kalitate ziurtagiria du. Kontratua urte akaberan despeditzen da eta ez dira aurkezteko.
Turismo azpiegiturak 37.830 metro karratuko azalera du. Kanpatzeko eta zerbitzuak eskaintzeko azalera 22.308 metro karratu ingurukoa da. Kanpatzeko 133 partzela ditu, 12.553 metro karratuko azalera hartzen dutenak. Haietan, batetik, 60 instalazio finko daude: 53 mobil-home eta 7 bungalow. Bestetik, 25 karabana, 6 denda eta libre dauden 38 partzela daude. Horiek guztiak sei eremutan banatuta daude. Bestetik, 224,32 metro karratuko azalera erabilgarria duen aterpea dago. Haren barruan hiru gela handi daude, 29,87, 28,97 eta 23,48 metro karratutakoak. Haurrendako bi jolas parke daude, barbakoa gunea eta haren ondoan egurrezko aulkiak eta mahaiak dituen gunea, kirol pistak eta frontoi txikia (igerilekuko eremuan), biltegia, tenis pista (larrialdi kasuan heliportua dena) eta helduendako eta umeendako igerilekuak. Zerbitzu guneari dagokionez, harrerarako bungalowa, eraikin nagusia (igerilekuko eta kanpineko aldagelak, denda, taberna eta jatetxea) eta higiene zerbitzuetarako eraikina (dutxak, garbitokiak, garbigailua) ditu.