Frantzian eta Espainian preso dauden Gurutz Maiza, Asier Karrera, Luis Mariñelarena, Oihan Barandalla, Hodei Ijurko, Unai Parot eta Juan Ramon Karasatorre etxarriarren egoera zein den jakin nahi du Etxarri Aranazko Udalak. Horregatik, espetxe zaintzari eta herritarrak preso dauden kartzeletako zuzendariei bilera eskaerak egin dizkiete udaletxetik. Bestetik, udal ordezkari moduan zazpi presoak bisitatzeko eskaerak egin ditu udalak ere. Etxarri Aranazko Udaletik azaldu dutenez, " udal honen zeregina da herritarrak babestea. Udalaren zeregina da herritarren eskubideak aldarrikatzea eta hortaz, lehentasunezkoa da, espetxean dauden etxarriarren eskubideen alde egitea".
Gaineratu dutenez, "gatazkaren konponbidean aurrera pausoak eman badira ere, estatuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespenezko espetxe politika bere horretan mantentzen dute. Salbuespen politika horrek eskubideak urratzen ditu eta udal honen zeregina da etxarriar preso hauei ukatuak zaizkien eskubideen alde egitea".
Etxarri Aranazko Udaletik gogorarazi dute urrunduta dauden presoak bisitatzeko haien senide eta lagunek astebururo 7.110 km egiten dituztela. Presoak lehen graduan daudela. Espetxe barruan isolatuta izaten dituztela eta Jose Ramon Karasatorrek egoera horretan 6 urte daramatzala azaldu dute. “Beste hainbat salbuespen neurrik gure herritarren eskubideak etengabe urratzen dituzte eta gatazkaren konponbidean aurrera egiteko oztopoak besterik ez dituzte jartzen”.