Joan den garilaren 20an joan zaigu, betiko, Manolo. Eta betiko azpimaratu nahi dut, badirelako dagoeneko hamarkada pare bat noizbehinka mugak jartzen zizkiola bere bizitzari, heriotzari berari ere barre egin nahi izanen balio bezala, batean bost, bestean hiru, oraingoan bi eta geroxeagokoan lau edo bat zirela bere konpainiarekin gozatzeko geratzen zitzaizkigun urteak. Ia berrogei urte gaixotasun larri, mingarri eta mugikortasuna asko mugatzen duten horietako batek bere gorputza mendean harturik. Bai, bere gorputza bai, ez hala ere oso-osorik, baina inola ere ez bizitzeko gogoa eta herri honen aldarrikapenekiko konpromisoa.
Familian “itsasargia” eta lagun taldean animatzaile eta “saltsetako” zirikatzaile. Gure herriarekiko konpromisoari dagokionez, ez zion uko egin herriko alkate izateko eskaerari. Gehiengoa lortu zuen hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrendaburu izanik eta buru-belarri aritu zen udalaren eguneroko kudeaketan eta abertzaleon gainerako aldarrikapenak sustatuz: euskara, ikurriña, presoak… Hiru urtez, baina, izan zen Etxarri Aranazko alkate, herriak lau urterako aukeratu bazuen ere. Ez zioten epaile espainiarrek agintaldia betetzen utzi, alkate moduan intsumisoen defentsan hartu zituen erabakiak zirela eta. Kargu publikorako ezgaitu zuten legealdiko azken urtean eta “alkate intsumiso” bihurtu zuten. Hala izan zen, bai, Manolo, Etxarri Aranazko “alkate intsumisoa”, baina ez bakarrik arlo politikoan, ezen intsumisiorik handiena, ia berrogei urtean gorputza era oso bortitzean erasotzen aritu zitzaion gaixotasunari erakutsi baitzion Manolok. Ez zuen etsi inoiz oinazearen aurrean.
Betiko joan zaigula esaten nuen hasieran eta hala da, ez da gure artean era fisikoan atzera berriz agertuko. Ezagutu dugunon memorian, ordea, hortxe egonen da bizi-bizirik, haren eginak eta izana ez ditugu ahaztuko eta. Manolo, betiko gure oroimenean!