“Alkaterik onena, herria” . Franco hil eta 78. urteko erregimen ustela ekarri zuen trantsizio garaian, esaldi horrekin laburbildu zuen Herri Batasunak herrigintzaz eta udalgintzaz zuen ikuspegia. Beste hainbat arlotan bezala, Euskal Herria ukatuz egin zen trantsizio iruzurti hark ez zuen benetako demokratizaziorik ekarri udaletara. Madrilen onartutako “Ley Reguladora de Bases de Régimen Local” zeritzana lege guztiz atzerakoia zen. Lehendik konstituzioak eta estatutuek ezartzen zituzten mugak estuak baziren, lege hura Euskal Herriaren burujabetza eta udal autonomiaren hil-kanpaia izan zen. Horrelakoxea zen inposatu nahi zen udalgintza eredua: bertikalista erabat, herritarren parte-hartzea gero eta gehiago murriztuz politiko profesionalak jainkotzen zituena, ordezkarikeria eta ustelkeria ezaugarri nagusi zituena. Herri Batasunaren herrigintza eredua zeharo bestelakoa izan zen. Herritarren behar hurbilenak hobekien ezagutzen zituen erakundea izanik, herritarren eskura egon behar zen tresna izan behar zuen udalak. Udalaren zeregina ez zen, gainera, amaitzen udal barrutiko mugetan; funtzio garrantzitsua jokatu behar zuen Euskal Herriaren eraikuntzan. Horren adibide izan ziren-dira 76, urtean Bergaran eratutako Alkateen Taldearen lana eta gerora sortu diren hainbat erakunde eta ekimen: UEMA, Eudima eta Udalbiltza bera.
Berrogei urte luzez ezker abertzaleak garatu duen udalgintza eredu eraldatzaile honen benetako protagonistak beraien onena eman duten milaka eta milaka herritar militante anonimoak izan dira. Izen batzuk ordea larruazalean grabatuak geratu zaizkigu izan duten karismagatik. Etxarri Aranatzen Tomas Huizi Mendiola, Patxi Karasatorre Imaz eta aste honetan zendu den Manolo Camposen figurak nabarmendu behar dira. Manolo herritik sortutako alkatea zen, xumea, bizitzaren eskolan hezia, pentsaera guzietako herritarrekin konektatzeko dohain ez ohikoa zuena. Alkate egon zen hiru urte laburretan herrian utzitako aztarna sakona izan da. Garrantzitsua da ere Euskal Herriari egindako ekarpena: Espainiako armadari hortzak erakutsi zizkion intsumisio mugimendu zabalari babesa eman zioten alkateen erreferente nagusia izan zen; eta horregatik kargugabetu zuten, armadari herriko mutilen zerrendak ez bidaltzeagatik. Aipatzekoa ere 1991. urteko urrian, Manolo alkate zela Etxarri Aranatzen abiatu zen Independentziaren Aldeko Udalen Ekimena. Herri Batasuna eta Eusko Alkartasunaren hautetsiak izan ziren ekimen haren aitzindari, indar abertzaleen arteko harremana gaiztotua zegoen garai batean. Hogeita bost urtek ematen duten ikuspegiarekin esan genezake ekimen hark oinarria jarri zuela independentisten elkarlanerako, azken urte hauetan emaitza ikusgarriak eman dituena: independentziaren inguruko herri galdeketak (Etxarri Aranatzen egin zen lehena 2014ko apirilean); EH Bildu plataformaren beraren gorpuztea....
Igande honetan, uztailaren 29an, eguerdiko ordu batean Manolo Camposen omenezko agur ekitaldia eginen dugu Etxarri Aranatzen, familiari gure berotasuna eskaintzeko; Manoloren ekarpena eskertzeko; eta Euskal Herriaren askatasunaren bidea ibiltzen segitzeko indarra hartzeko. Gonbidatuak zaudete.