Lastailaren 6an eta 7an ospatuko dira feriak Etxarri Aranatzen. Gaur egungo kioskoan eginen den azken dantzaldia izanen da hori, feriak pasata plazan estalopea egiteko lanak hasiko baitira. Orduan hasiko da errealitatea bihurtzen urtebete iraun duen parte-hartze prozesuan makina bat etxarriarrek irudikatu dutena.
Estalope baten beharra aspaldiko aldarrikapena zen Etxarri Aranatzen. Izan ere, euria egiten duenetan " urtean zehar hainbat jarduera eta ekitaldi bertan behera uzten dira, eta horrek ahalegin xahutze eta diru galera handia dakar, eta azken momentura arte eguraldiaren menpe egon beharra", esan digu Eneka Maiz Ulaiar alkateak. Eta gaineratu duenez, "egungo kioskoaren txapelak, duen diseinuagatik, ez du babesten eta euriarekin kiosko barruko musika tresnak busti egiten dira".
Erabilerek eman dute kokapena
Parte hartze prozesuaren barruan egindako batzarrean erabaki zen estalopea kioskoaren atzeko aldean jartzea, kioskoarekin integratuz. Kioskoaren aurreko aldea, orain arte, libre geldituko da.
Kokapena aukeratzerakoan plazak dituen lau erabilerak hartu zituzten kontuan: kultur programazioa (kontzertuak, antzerkiak, dantzaldiak, kirol probak…), azokak (astelehenerokoa, feriak, Ama Lurra…), erabilera herrikoia (auzateak, bazkariak, egun bereziak, erakusketak…) eta erabilera librea (haurren jolasak, helduak egonean egotea, poteoa…).
Ezaugarriak
Kioskoak bat eginen du estalopearekin eta teilatu bakar bat izanen du. Kioskoa barne, guztira 350 m2 izanen ditu, ia Lazkoz kaleraino iritsiko da. Hura jasotzeko plaza erdialdeko 12-14 zuhaitz kenduko dituzte, ez, ordea, plazaren aldeetakoak, horrela zuhaiztian integratuta geldituko da. Estalopeari metalezko 10 zutabek eutsiko diote eta kioskoan beste 6 izanen dira. Estalpe guztiaren egitura egurrezkoa izanen da. Zurak baso kudeaketa jasangarriko jatorriaren ziurtagiria izanen du. Estalopearen altuera zuhaitzen bera izanen da, gutxi gorabehera. Estalopean LED argiak izanen dira eta bere zurezko egiturak akustika hobetzen lagunduko du.
Kioskoak eraldaketa handia izanen du. Ekitaldiak bi aldeetan egiteko aukera nahi da. Normalean udaletxera begira eginen dira, baina euria ari duenean, estalopera begira eginen dira. Horretarako, kioskoari metro erdia kenduko zaio, bai lurrari bai txapelari. Horretaz aparte, kioskoaren diametroa 30 cm handituko dute. Horrela, 50 m2 izanen ditu. Horrela, egun musikariendako altuegia izateagatik deserosoa den kioskoa eraldatuko da. Bestalde, kioskoa zurezko listoiez forratuta egonen da eta horiek hesiarena eginen dute, inor ez erortzeko. Hesiaren erdialdean, bai aurrean, bai atzean metalezko hesi bat izanen du, materiala kargatu eta deskargatu ahal izateko. Eskailera, berriz, alde batean izanen du.
Lanek 129.000 euroko aurrekontua dute eta diru-laguntzen bidez pagatuko da. Alde batetik, Europako Landa Garapenerako Planeko laguntza dago (Cederna-Garalurren bidez lortua). Bestetik, Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planeko Erabilera Libreko diru-laguntzarekin ordaindu nahi du udalak beste zatia.
Parte hartzea
Etxarri Aranazko Udalak plaza hobetzeko parte hartze prozesua martxan jarri zuen joan den urteko otsail akaberan. Etxarriarren iritzia jasotzeko inkesta egin zen lehenik. Ondoren 4 batzar ireki egin dira eta talde teknikoaren aholkularitza izan da. Azken batzarrean, garagarrilaren 6an, erabaki zen estalopea non jarri. Prozesuaren emaitza da ere oinezkoendako espazioak zehaztea eta Larreñondoko aparkalekua egitea.
Udaletik jakinarazi dutenez, 125 etxarriarrek erantzun zuten inkesta, batzarretan 83 pertsonak parte hartu zuten eta azken erabakirako idatzizko 70 ekarpen jaso zituzten. Herriko musikariek ekarpenak egin zituzten ere. Alkateak aipamen berezia egin die talde teknikoan parte hartu duten herritarrei eta udal langileei. Maizek esan duenez, "ibilbide luzea izan da, baina oso aberatsa, ikuspegi desberdinak uztartuz elkarrekin kontsentsu zabaletara iristeko gai izan garelako".