25 urte dantzan festetan

Guaixe 2018ko abu. 6a, 12:04

Etxarri Aranazko Festetako play back lehiaketaren 25. urteurrena ospatuko dute aurten

Play back-a abeslari edota musika talde baten abesti batekin imitazio ikuskizuna egitean datza; hortaz, 25 urte hauetan asko izan dira imitazioak egin dituzten haurrak eta gazteak. Etxarriarrek zein beste herrietakoek parte hartu dute emanaldi alaitsu honetan, festetako ezinbesteko bat bihurtuz: ikusle gehien biltzen dituen festetako ikuskizuna da.

XXV. Play-back Txapelketa abuztuaren 7an ospatuko da, Haurren egunean, 19:00etan. Parte hartzen duten talde guztiek 25 euroko saria izanen dute. Talde hoberenak 100 euroko saria jasoko du;  euskal abestiarekin emanaldi hoberena egiten duen taldeak ere 100 euroko saria jasoko du. Haur, gazte eta helduak parte hartzera gonbidatuta daude.

Parte hartzeko kultura@etxarriaranatz.eus e-postara mezu bat bidali behar da edo egunean bertan, eszenatokian, 18:30ak arte izena eman daiteke. Gainera, abestia CD batean entregatu behar da, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago.