Erdoziarren 3 belaunaldi batera Etxarriko festetan

Guaixe 2018ko abu. 2a, 14:05

Igandean 12:30ean, herri kirolen apustua, erdoziarren erakustaldia eta aizkora erakustaldia izanen dira Etxarri Aranatzen

Larunbatean lehertuko da festa Etxarri Aranatzen. Herri kirolarien, aizkolarien, pilotarien, palisten eta futbolarien herria da Etxarri Aranatz, eta festetako egitarauan aipatu kirolek euren tokia izanen dute.

Igandean, 12:30etik aurrera, aizkolarien, harrijasotzaileen eta korrikalarien bilgune izango da Etxarriko plaza. Herri kirol apustu konbinatua izanen da, aizkoran, harrian eta lasterka. Horretaz gain, Erdozia familia etxarriarreko aizkolarien 3 belaunaldiren erakustaldia izango da eta horri Sakanako Aizkora Eskolako ikasleen erakustaldia gaineratuko zaio.

Festetako areto futbol txapelketa
Larunbatean festak eztanda egin baino ordubete lehenago, 12:00etan, Etxarriko Gazte Asanbladak antolatutako Festetako Futbito Txapelketako finala jokatuko da. Eta baloiarekin jarraituz, asteartean, haurren egunean, Futbol-Plaza Txapelketa hartuko du Etxarri Aranatzek.

Emakumezkoak, palan
Festetako egitarauarekin jarraituz, ostegun eguerdian nesken pala partidak antolatu ditu Gure Pilota Elkarteak Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan. Bestalde, gaur, ostiralarekin 19:00etan pilota eta pala partidak antolatu ditu Gure Pilota Elkarteak.