Asteazkenean, abuztuaren 1ean hasi zen Munduko Monoziklo Txapelketa Hego Koreako Ansan hirian. Basque Country taldeko ordezkari bakarra lehiatzen dabil bertan, Ekhi Congil etxarriarra. Abuztuaren 1ean errepideko 10 kilometroko txapelketa jokatu zuen Congilek, bere probarik kuttunena, eta bigarren sailkatu zen, irabazlearengandik segundo eskas batzuetara. Hortaz, munduko txapeldunordea dugu Congil, eta Mundialak hasi besterik ez dira egin.
Ansanen sekulako beroa eta hezetasun handia daude, eta panorama horrekin ekin zion Ekhi Congilek errepideko 10 km-ko probari. “Bero eta hezetasunarengatik oso proba gogorra izan zen; gorputza ez dut faktore horietara ohitua, baina indarrak atera eta hor ibili nintzen. Gainera, ibilbidea nahiko zaila zen eta monozikloak boteak ematen zituen, asfaltoaren ordez baldosen antzeko zorua zuelako. Hortaz ez zen oso proba azkarra izan, munduko errekor bat apurtzeko modukoa, baina proba gogorra, teknikoa eta polita izan zen eta bigarren sailkatu nintzen, txapeldunarengandik 5-10 segundora eta nire kategorian lehendabizikoa. 30 km-ko batez bestekoa egin nuen, txapeldunaren antzekoa. Hau ikaragarria da, eta oso-oso pozik nago” adierazi digu Hego Koreatik Ekhi Congilek.
Probaren ondoren, atseden hartu eta atzera ere entrenatzera joan zen, proba gehiago baititu. Esaterako, ostegunean mendi jaitsiera zuen izan zuen. Nahiz eta erorketa bat izan, seigarrena sailkatu zen sailkapen orokorrean (3:23), Florian Rabensteiner txapeldunarengandik (2:47) 36 segundora. Bere mailan bigarrena izan zen Ekhi. Hurrengo egunotan egutegi zabala dauka Etxarrikoak: cross country proba (abuztuak 6), mendi igoera (abuztuak 6), errepideko 42 km-ko maratoia (abuztuak 7), ziklokrossa (abuztuak 8) eta errepideko 100 km-ko proba (abuztuak 10).
Hego Koreako Munduko Monoziklo Txapelketan 1.500 monoziklista daude inskribatuta, modalitate guztietan eta Ekhi Congil txapeldunordeak erakutsi du oso kontuan hartzekoa dela.