Agur zibilak egiteko aukera arautu du udalak

Guaixe 2018ko abu. 4a, 09:48
Etxarri Aranazko udaletxea.

Etxarri Aranazko Udalak lehendik ezkontza zibilak egiteko araudia zuen. Hura zabaldu egin du eta hildakoen aldeko agurrak edo omenaldi zibilak egiteko aukera ere izanen da udal eraikinetan. Udalak hartutako erabaki hori jendaurrean irailaren 4ra arte dago, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten.

Bestetik, udaletik jakinarazi digutenez, aurki hasiko dira Utzubar industrialdeko zorua berritu eta zuntz optikoa jartzeko lanak. Horretarako, 203.876 euro bideratuko dira. Inbertsioaren erdia Nafarroako Gobernuak pagatuko du eta gainontzekoa enpresek.

Azkenik, udalak Auntzetxe aterpea erabiltzeko arauak onartu ditu. Gehienez gau bat pasa daiteke eta 29 pertsonendako lekua dauka. 10 lagunetik gorako taldeei, tokia bermatzeko, erreserba egitea aholkatu diete. Erreserbek izanen dute lehentasuna eta horiek udaletxean egin behar dira, idatziz. Basoko aterpera motordun ibilgailuekin joan nahi duenak baimen berezia eskatu beharko du eta udalak emandako txartela agerian jarrita egon beharko da ibilgailuan. Taldeek aterpean erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak zehaztu ditu udalak. Bestetik, aterpearen erabilera araudia ere zehaztua gelditu da. Han jasotzen dira, besteak beste, aterpearen eta haren inguruaren garbiketa, sua egiteko debekua eta kalteak eraginez gero ordaindu beharrekoa.